Udal liburutegiak Neguko Gida kaleratu berri du

2015/12/15
1200 ale inprimatu dira eta PDF formatoan ere ikusgai jarriko da Udaleko web gunean

  Paperean ez ezik, azken urteetako ohiturari jarraituz PDF formatuan ere  kontsultatu ahal izango da Neguko gida hau. Formatu digitala udaleko web gunean ikusgai jarriko da, www.oñati.eus atarian alegia, eta bertatik deskargatu ahal izango da.

  Atzo arratsaldean bertan Kultur Etxera iritsi ziren paperezko gidak astean zehar banatuko dira ikastetxeetara. Bestela, liburutegian eskuragarri daude jada.

  Aurtengo Neguko gida honetan, ohikoa denez, hiru dokumentu ezberdin gomendatzen dira: liburuak, musika CD-ak eta DVDak. Liburuak gainera, irakurlearen adinaren arabera sailkatzen dira. Hala, 0-6; 6-9; 9urtetik gora, gazteak eta helduak ataletan, 39 liburu gomendatzen dira. Euskaraz eta gaztelerazko tituluak tartekatzen dira, baina guztiek, eskualdeko liburuzainek bermatutako kalitatea dute, bai istorio edo narrazio aldetik eta irakurle txikienei zuzendutakoetan bereziki, ilustrazioaren eta liburuaren beraren edizioaren aldetik ere. Literatura tituluez gain, bosna CD eta filma DVD ere gomendatzen dira.

  Eskualdeko liburutegiek urtean zehar bi gida argitaratzen dituzte: Biblioporrak, udan, eta Gabonen aurretik, Neguko gida. Hala, urteko produkzioa bitan banatzen da. Beraz, orain osatu den gida honetan gomendatzen direnak, azken 6-8 hilabeteetan argitaratutakoak dira.

Iturria: Oñati Irratia