Udal liburutegiak Biblioporrak gida berria gertu du

2015/06/15
Adinaren arabera sailkatutako 37 liburu eta bilduma, eta seina CD eta filma gomendatzen dituzten gidak ikasleei banatuko zaizkie

  Iaz egin bezala, formatu elektronikoan dauden liburuak ikur baten bitartez berezitu dira Biblioporrak gidan. Gomendatzen diren 37 tituluetatik 9k, ikur hori daramate. Bestelakoan eta orain bi urte hasitako bideari jarraituz, gomendatzen diren dokumentu guztiei atxikita iruzkin edo komentario labur bat dute, irakurleak gutxieneko informazioa izan dezan. Horretarako, liburuaren hizkuntza hartu da gogoan eta euskaraz idatzitako liburuen iruzkina, euskaraz agertzen da.

  Haur eta gaztetxoentzat gomendatutako liburuak, Eskoriatzako literatur mintegian puntuaziorik altuena lortu duten testuak dira, eta helduei zuzendutako irakurketa gehienak, berriz, argitaratu berri diren lanak. Izan ere, azken urteotan, udako gida honezaz gain, neguko gida ere osatu da. Liburuei dagokienean, hizkuntza eta historia aldetik kalitate aipagarria duten lanak dira katalogo berezi honetan jaso eta gomendatzen direnak.

  Biblioporrak gidan liburuak,  CD eta DVDak gomendatzen dira. Baina irakurgaiekin ez bezala, ikus entzunezkoen atala orokorra dela esan genezake bi dokumentuetan izan ezik. Gazteak atalean, CD eta DVD bana gomendatzen diren arren, orokorrean, musika eta filmak ez dira adinka bereizten.

   Urteak daramatzate inguruko liburutegiek udako gida hau prestatu eta argitaratzen. Oñati, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Legazpiko liburutegien artean egindako lana da. Banatu ere, zazpi herrietan banatzen da Biblioporrak gida.

  Biblioporrak-2015 gidaren 1200 ale eskuratu ditu Oñatiko liburutegiak. Ikastetxeen bitartez 5-14 urte bitarteko ikasleei banatuko zaizkie. Interesa duenak dena den, liburutegian eskuratu dezake eta udaleko web atarian ere ikusgaibaitago: www.oñati.eus atarian.

Iturria: Oñati Irratia

Biblioporrak 2015 kalean da