Oñatiko udala

Udal langileen gehiengoak, pertsonen harremanetan oinarritutako kudeaketa eta lan eredua garatzea onartu zuen asteleheneko asanbladan

2012/02/07
Oñatiko udala, Administrazio publikoaren alorrean halako eredua martxan jartzen duen lehena izango da.

  Koldo Saratxaga buru duen K2K enpresak gidatuko du udalaren barne kudeaketa ereduaren egokitzapen prozesua. Datorren hilean hasiko dira langileekin elkarrizketatu eta antolatze eredu berrira egokitzeko gomendioak lantzen.

  Helburua bikoitza da, barne harremanak eta funtzionamendua hobetu batetik, eta aldi berean, herritarrei eskaintzen zaion zerbitzua ere hobetzea. Kudeaketa eredu berriaren oinarria talde lana da. Komunikazioa, askatasuna, kooperazioa eta erantzukizuna edo ardura dira pertsonen harremanetan oinarritutako lan ereduaren ardatzak.

  Hori guztia azalduz Koldo Saratxagak proiektuaren aurkezpena egin zuen atzo udaletxean. Langileen zalantzak argitzeko tartea izan zen eta egitasmora batu ala ez erabakitzeko bozketa egin zen. Gehiengoak, batzarrean parte hartu zutenen %80ak, pertsonen harremanetan oinarritutako kudeaketa eta lan eredua garatzearen aldeko botoa eman zuen.

  Hala, udal gobernu taldearen ekimenak, langileen gehiengoaren babesa jaso du.

  Pertsonen harremanetan oinarritutako kudeaketa eta lan eredua enpresa munduan aplikatu da orain arte. Elkarte anonimo nahiz kooperatiboetan. Udalaren kasuan berriz, administrazio arloko erakunde publiko batez berba egiten ari gara. Alde horretatik, Oñatin martxan jarriko den proiektua berritzailea da. Eta dagoeneko interesa sortu du, informazio batzarrean Tolosako udaleko bi ordezkari izan baitziren, alkatea tartean.

  Erabakia hartuta, egitasmo berria martxoan abiatuko da. Hala ere, denbora tarte bat beharko da emaitzak ikusi ahal izateko.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!