Udal ikuskizunetarako sarrerak internet bidez erosi daitezke jada www.barrabarra.eu atarian

2012/01/18
Udalak, Akting enpresarekin akordioa lortu du eta berak antolatutako kultur ekitaldietarako sarrerak “barrabarra.eu” atariaren bitartez interneten salgai jarri dira. Hilaren 27 eta 29rako antolatu diren bi antzerkietarako sarrerak jada eskuragarri daude; Ttanttaka taldearen “CONTRA EL VIENTO DEL NORTE” antzerki lana eta “LOS ANIMALES DE DON BALTASAR” hitzik gabeko ikuskizuna.

   Sarrerak internet bidez erosteko sistema oso xamurra da. Aipatu www.barrabarra.eu helbidea klikatu eta interesatzen zaigun ikuskizuna aukeratuko dugu. Kontu egin behar da “barrabarra” atari honetan, Oñatiko udalaren eskaintzaz gain beste hainbat erakundek antolatutako ikuskizunetarako sarrerak ere eskuratu ahal izango ditugula.

   Intereseko ikuskizunerako atalean sartuta, zenbat sarrera nahi ditugun markatu eta Santa Anako aforoan plano modukoa irekiko zaigu libre dauden jesarlekuen artean aukeratu dezagun. Gustuko lekua hautatuta, hurrengo urratsa ordaintzea izango da. Sistemak bi aukera ematen dizkigu: kreditu txartel bidez egin genezake edo “paypal” bidea erabiliz. Ordainketa eginda, gure txartelak inprimituta amaituko dugu sarreren internet bidezko erosketarekin.

  Sarrerak, internet bidez eskuratzeak ez du inolako ordain kargarik izango eroslearentzat. Sistemak duen kudeaketa gastua, udalak beren gain hartzea erabaki baita. Hori bai, sarrerak erosteko muga eguna izango da. Aipatu ditugun bi ikuskizunetarako, hilaren 26a izango da sarrerak internetez eskuratzeko azken eguna. Hortik aurrera saldu gabe geratzen direnak, takillan jarriko dira.

  Sarrerak internet bidez eskuratzeko sistema jada martxan jarri dela eta, orain arte kultur etxean egiten zen aldez aurreko sarrera salmenta bertan behera utzi da. Bai behintzat kultura departamentuak antolatutako ikuskizunen kasuan. Beste talde edo elkartek antolatutakoekin nola jokatu erabakitzeke dago oraindik.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!