Udal hauteskundeetarako hiru hautagaitza aurkeztu dira Oñatin, PSE-EE, EH Bildu eta EAJ

2019/04/30
Card image cap
Hautagaien behin betiko zerrendak gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean

  Pasa den asteazkenean argitaratu ziren lehen aldiz udal hauteskundeetarako zerrendak. Akatsak zuzentzeko epea beteta, gaur kaleratu dira behin betiko hautagaitzak eta Oñatin hiru aukera izango dira udalbatza berria osatzeko: EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren hautagaitzak, alegia.

  Publikoki jada iragarrita zeuden hiru hautagaitza hauen buru diren alkategaien izenak: Aitziber Fernandez Azurmendi sozialista, Izaro Elorza Arregi EH Bilduko ordezkaria eta Ainhoa Galdos Olazar jeltzalea. Beraz, udal hauteskundeak maiatzaren 26an izango badira ere, Oñatiko alkate berria emakumezkoa izango dela aurreratu daiteke jada.

  Baina alkategaien izenak ez ezik, titular izango diren 17 lagunen eta ordezkoen zerrendak kaleratu dira. Lehen hamarren artean oñatiar bakarra agertzen da sozialisten zerrendan, alkategaia hain zuzen ere. EH Bilduren zerrendan egun zinegotzi den Susana Altuna 7. postuan aurkezten da eta gainontzeko hautagaiak berriak lirateke udal arduretan. Zentzu horretan esperientzia gehien dutenen zerrenda osatu dute jeltzaleek, lehen hamarren artean, egun zinegotzi diren Amaia Erostarbe, Jon Kepa Gerrikagoitia, Marijo Etxegoien eta Nekane Maiztegi baitaude. Gainera, aurrez zinegotzi izan zen Angel Biain 7. postuan dago eta Ainhoa Galdos alkategaia ere zinegotzia izan zen hiru legealditan.

  Maiatzaren 26an udal hauteskundeak ez ezik, Batzar Nagusietarako hauteskundeak ere egingo dira. Deba-Urola barrutian, bost hautagaitza aurkeztu dira: ia aipatutako EAJ, PSE-EE eta EH Bildurekin batera, Partido Popular eta Elkarrekin-Podemos koalizioa. Batzar Nagusietarako hautagaitzetan ere oñatiar baten izena ikusi dugu, Mikel Biain Berraondo egungo alkatearena, hain zuzen. EH Bilduren zerrendaburua da, aurrez iragarri zen bezala.

  Bitxikeria moduan esan, beste oñatiar baten izena ere ikusi dugula udal hauteskundeetarako zerrendetan, konkretuki Antzuolako hautagaitzetan: Miren Elgarresta Larrabiderena. EAJko zerrendan hirugarrena da Antzuolako udalbatza osatzeko hautagaitzan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!