Udal gobernu taldeak ia 18 milioi euroko aurrekontua proposatu du 2017rako, aurtengoa baino %10 baxuagoa

2016/12/12
Card image cap
Inbertsioen atalean %37aren jaitsiera aurre ikusten da

  Pasa den astelehenean EAJren esku utzi zuen aurrekontu proposamena udal taldeak, honek ekarpenak egin ditzan. Gaia, abenduaren 22ko Osoko Bilkuran aztertuko da eta alkateak adierazi duenez, aho batez onartzea da helburua.

  Udal gobernu taldeak datorren urterako osatu duen aurrekontu proposamena 17.871.000 €koa da, 2016koa baino %10 baxuagoa. Baina inbertsioen atalean jaitsiera handiagoa aurre ikusten da, %37koa hain zuzen ere. Gastu sozialaren atala berriz, aurtengoaren antzera mantentzea proposatzen da.

  Inbertsioen atalean, oinezko nahiz bizikletadunen espazio seguruak irabaztea, irisgarritasuna hobetzea eta naturguneak indartzea  izango dira lan ildo nagusiak. Bai egunerokotasunari begira eta baita herritarren aisialdiari dagokionean ere. Nagusienak aipatzekotan, Eltzia pareko berdegunean ur jolas eta aisialdi gunea egokitzea , Etxaluzeko parke gorriaren egokitzapena eta Olakuako jabekideekin elkarlanean burutuko den urbanizazioa daude.

  Alkateak jakinarazi duenez, 2017ko aurrekontu proposamena orekatua da eta sarrera arruntek gastu arrunta estaliko dute. Gastu arrunta %2.15 jaitsiko da eta sarrera arruntak aldiz, %3.74 igotzea aurreikusten da. Ondorioz, 2017ko aurrekontua aurrezki arrunt positiboz itxiko litzateke. Horrek, udalaren zorra aipatzera garamatza. 2016a, 2.055.000 €ko zorpetze biziarekin ixtea aurre ikusten du gobernu taldeak, azken hamarkadetako zor baxuenarekin. Oñatiko Udaleko ekonomia nahiz finantza egoerak  osasuntsuak direla adierazi du Mikel Biain alkateak.
Baina hau hala izanik ere, Udalaren energiaren sorkuntza, banaketa eta merkaturatze jardueren inguruan dagoen ziurgabetasuna gogora ekarri du alkateak. Izan ere, arlo honetan Madrilgo gobernuak onartu duen legedi aldaketak Oñatiko Ur Jauziak enpresari zuzenean eragin dio eta OÑARGIren balantze ekonomikoan zenbateraino eragingo duen ikusteke dago oraindik.

  2017ko aurrekontuen gaia abenduaren 22ko Osoko Bilkuran aurkeztu eta eztabaidatuko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!