Udal gobernu taldeak EAJri erantzunez, iaz 24 enpresa proiektu aztertu eta 16 sortzeko bitartekoak jarri zituela jakinarazi du.

2014/02/12
Gezurtatu egin du, BILDUk enplegu plangintzarik ez zuela esanez bailarako jeltzaleek egin zuten salaketa.

  Urtarrila amaieran zabaldu zuen Debagoienako Euzko Alderdi Jeltzaleak Mankomunitatearen kontrako salaketa. Bilduk atez atekoari lehentasuna emanez, enplegu plangintzarik ez zuenaren salaketa. Orain, Oñatiko udal gobernu taldearen erantzuna iritsi da enplegua sustatzeko egindako lanaren inguruko datuez hornituta.

  Iaz, udaleko sozioekonomia batzordearen babesean Oñatin 24 enpresa proiektu aztertu zirela azaltzen da. Gehienak, pertsonen autoenplegu azterlanak izan zirela ere zahazten da eta horietatik 16k aurrera eginda, enpresa bihurtu direla gaineratzen da. Gauzatu diren 16 enpresa berri horiek gainera, 17 lanpostu sortu dituzte. Azterlanak egin eta enpleguak sortzeagatik udalak emandako dirua 32.500 € izan ziren iaz, udal gobernu taldeak jakinarazi duenez.

  Datuok aurreko legegintzaldian izan zirenekin ere alderatu ditu BILDUko udal taldeak: 2007-2011 urte tartean orotara 37 proiektu aztertu ziren bitartean, legegintzaldi honek bete dituen bi urte eta erdietan, 69 aztertu direla argitzen du.
Gauzatu berriz, aurreko gobernu aldian 26 enpresa sortu baziren, legealdi honetan jada 39 sortu direla zehazten da. Lanpostuei erreparatuta azkenik, aurreko legegintzaldian 23 eta oraingoan 39 lanpostu sortu direla dio gobernu taldearen idatziak.

  Datu guzti hauekin Debagoienako jeltzaleek esandakoa gezurtatu nahi du BILDUko udal taldeak, alegia, enplegua eta ekonomiari begirako planik ez dutela gezurtatu nahi du. Bilduko plangintzen helburua pertsona eta hauen laneratzea dela dio udal gobernu taldearen erantzunak. Arlo horretan egiten ari diren esfortzu ekonomiko eta humanoa iraganean baino handiagoa dela gaineratzen dute eta horretarako diru kopuruak ere ematen dira: 2007-2011 bitartean 43.100 € bideratu ziren pertsonen enplegugarritasuna sustatzera eta Bildu Udal Gobernuan dagoen denboran 76.800 € bideratu direla argitzen da.

  Enplegua sustatzeko politiketatik aparte formazioa sozioekonomia batzordearen beste zutabeetako bat izan dela ere azpimarratzen da idatzian. Arlo honetan ere egindako esfortzuak iraganean baino askozaz handiagoak izan dela gaineratzen da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!