Udal gobernu taldeak abiarazi du jada, materia organikoa batzeko 5. edukiontzia jartzearen aldeko erabakia-eskaera indargabetzeko prozesua.

2012/02/10
Gaia, azken gobernu taldearen asteroko batzarrean eztabaidatu ondoren, Osoko Bilkurara eramango da.

  Urtarrileko Osoko bilkuran “Zero zabor” plataformak aurkeztu zuen mozioaren haritik, alkateak jada, iazko martxoko plenoan hartutako erabakia bertan behera uzteko proposamena egin zuen. Batetik, mozio idatzian hala egitea espreski jasotzen zelako baina aldi berean, zaborraren bilketa zerbitzuari buruz abian den eztabaida prozesua aurrera eramateko erabaki hura traba dela uste delako.

  Gogoratu, aurreko legealdiko udalbatzak gehiengoz, Oñatin materia organikoaren bilketa 5. edukiontzia jarriz, edukiontzi marroia jarriz egitea erabaki zuela, eta Mankomunitateari Oñatiko udalak hartutako erabakia bete zezan eskatzea erabaki zuela. Izan ere, zaborren kudeaketa, Debagoieneko Udal Elkartearen esku baitago. Honek, dena den, legealdiko azken gobernu juntan gaia mahai gainean uztea erabaki zuen, ondorengo taldearen jarduna mugatuko lukeen erabakia izan zitekeela argudiatuz. Guzti horrek, azkenean gauzatu ez zen eskaera bihurtzea ekarri zuen.

  Erabaki gauzatu gabe horrek, zaborraren bilketa zerbitzuari buruz herrian abian jarri den eztabaida prozesua aurrera eramateko orduan traba egiten duela argudiatuz, erabakia indargabetzea proposatu zuen alkateak, eta hala erabaki du tokiko gobernu batzarrak. Baina 5. kontainerra jartzearen erabakia Osoko Bilkurak hartu zuenez, berari dagokio indargabetzea. Gaia, hilaren 23an egin asmo den plenoan eztabaidatuko da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!