Udal euskaltegian, ostalaritzako langileentzat euskarazko oinarrizko ikastaro berria antolatu da.

2013/05/02
Card image cap
Ikastaroa, maiatzaren 27an hasiko da eta interesa duenak, 24ra bitarteko epea dauka matrikula betetzeko.

  Ez da lehen aldia Euskaltegian, ostalaritzan diharduten langileei propio zuzenduta halako ikastaro bat egiten duena. 60 orduko oinarrizko ikastaroa da eta euskararen ikas prozesuan lehenengo urratsak emateko bide gisa aurkezten da, beti ere, diharduten lan esparrura lotuta, hau da, ostalaritza arloan ohikoak diren beharretara zuzenduta.

  Ikastaro honetan, mostradore baten atzean egoteko edo mahai bat zerbitzatzeko behar den oinarrizko euskara landuko da. Bezero euskaldunari erantzun egokiagoa eman ahal izateko baliabideak. 

  Jorratuko diren gaiak eta ikasiko diren hitzak ikasleen lan esparrukoak izateaz gain, ordutegia ere bereziki zaindu da eta ikasleen ordu disponibilitatera egokitzen saiatu dira. Hala, ostalaritzako langileei zuzendutako euskarazko ikastaro hau, goizez, 09:30etik 11:00etara egingo da maiatzaren 27tik uztailaren 19ra arte. Guztira, esan bezala, 60 orduko ikastaroa da.

  Zabalik dago jada izen emate epea. Interesa duenak, maiatzaren 24ra arte izango du udal euskaltegitik pasa eta matrikula betetzeko. Udal euskaltegia, Bidebarrieta kaleko 18an dago. Informazio gehiagorako, bertara telefonoz ere deitu daiteke: 943.782496 zenbakira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!