Udal batzorde informatiboak zehaztu eta osatu nahiz Udalaren partaidetza duten beste organoetako ordezkariak izendatzeko Osoko Bilkura Berezia egingo da gaur arratsaldean

2015/07/02
Card image cap

  2015-2019 legealdian udal antolakuntza zehazteko bilkura izango da gaurkoa. Udalbatza eta Tokiko Gobernu Batzarra zenbatero bilduko den, zein batzorde informatibo izango diren eta hauetan zeintzuk parte hartuko duten edota, alkate, zinegotzi eta alderdiei ordainduko zaiena erabakiko da, besteak beste. Udal hauteskundeen ondoren, lau urtean behin egiten diren izendapenak eta tramitezko erabakiak dira arratsaldeko Osoko Bilkura Berezian hartuko direnak.

  Udalbatza berria eratu eta lanean hasi bitartean dena den, udal jarduna ez da eten eta hainbat erabaki hartu dira, Alkate Dekretuz. Guzti horien berri ere emango da arratsaldeko bileran.

  Aurreko udalbatzak onartu zituen diru laguntza batzuk eskuratu ahal izateko deialdia egitea ere proposatuko da gaurko batzarrean. Oñatiko herrian gazteek etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak ematea arautuko dituzten oinarrietako ordenantza behin betiko izaeraz onartzea eta 2015. honetako diru-laguntzen deialdia egitea proposatuko da. Aurreko Udalbatzaren erabateko adostasunez onartu ziren diru laguntza hauen helburua bikoitza da: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea batetik, eta alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea bestetik. Diru laguntza hauek, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dituzte baldin eta, gutxienez 12 hilabeteko alokairu kontratua baldin badute. Diru laguntzak eskatzeko baldintzak zehazten ditu arratsaldean behin betiko izaeraz onartzea proposatuko den arautegiak, bai gazteek bete beharreko baldintzak eta baita alokairu etxebizitzak bete beharrekoak ere. Baldintza horiek beteta, udalaren diru laguntza eskatu ahal izango da, gaur onartzea espero den deialdia argitaratu orduko.

  Gaurkoa, Udalbatza berriaren legealdiko lehen batzarra izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!