Udal artxiboko sei dokumentu zaharberrituko dira

2019/04/16
XVI. mendeko Kontzejuaren erregistro liburua da guztietan zaharrena

  Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu edo banakako agiri eta txostenak zaharberritzen dira urtero. Aurten, XVI eta XIX. mende arteko sei dokumentu berrituko dira. Guztietan oinarrizko zaharberritze lanak egingo dira. Lehenik, agiri bakoitza banaka aztertuko da tratamendu egokiena erabakitzeko. Erabiliko diren teknikak zehazteko, agirien berezko osagaiak eta materialak aztertzen dira, paper mota, PHa, tinta motak eta abar.

  1500 eta 1535 urte arteko Registro del Concejo delakoa, gaur egungo akta liburuaren parekoa da. 270 folioz osatutako liburua da, eskuz idatzia eta  tinta arazorik ez duen arren, kuadernazioa oso hondatuta dauka. Apurtuta eta tolestuta dago eta hasierako folioak oso hondatuta daude, hauskor.

  XVII eta XVIII. mendeko hiru dokumentuak, bi auzi zibil edo ikasle baten inguruko espedientea dira. Mikroorganismok erasotutako agiriak dira, oso hauskor daude eta auzi zibiletako batek gainera, tintak eragindako kalte garrantzitsuak ditu, papera zulatzerainoko kalteak.

  Azkenik, XIX. mendeko udal kontuen espediente bat eta 1880 eta 1881eko matrikula industrialen espedientea zaharberrituko dira. Kontuen espedienteak onddoek eragindako kalte larriak ditu eta oso hauskor dago. Matrikula industrialen espedientea berriz, bi paper-sortek osatzen dute, inprimatutakoak eta eskuz idatzitakoak, 20 folio guztira. Kuadernatu gabeko paper sortak dira baina grapa metalikoz lotuta daude. Elementu horiek aldatu egingo dira. Paperetako batzuk gainera, apurtuta eta tolestuta daude. Horrek kontsulta zailtzen du ez baita informazio osoa ikusten. Kontu egin behar da Matrikula industrial deritzoten dokumentuak oso erabilgarriak direla, herrian egon diren industria eta denden inguruko informazio aberatsa dutelako. Garai konkretu bateko ekonomiaren egoera edota herritarren jarduerak aztertzeko informazio iturri garrantzitsua dira.

  Zaharberritze lanok Miravalles Restaura etxeak egingo ditu.

Iturria: Oñati Irratia