Udal artxiboko bi dokumentu zaharberrituko dira

2020/06/09
1920ko herritarren errolda eta XVI. mendean kondeari zuzendutako “provisión del Consejo” deitzon dokumentua

  Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu edo banakako agiri eta txostenak zaharberritzen dira urtero. Aurten, XX eta XVI. mendeko bi dokumentu berrituko dira.

  1920ko abenduaren 31ko dataz osatu zen herritarren errolda dokumentua zaharberritzea erabaki da. Udal errolda herritarren erregistro administratiboa da eta udalek beraien zereginetarako oinarrizko informazioa biltzen duen dokumentua. Udalaren zerga bilketarako, herritarrei lehentasuna eman nahi zaien tramitetarako edo herritarrek beraiek eskatu ditzaketen ziurtagirietarako oinarrizko dokumentua da. Ikerlari askok erabili ohi dituzte demografia edota auzoei buruzko azterlanak egiteko.

  Zaharberritzera eraman den 1920 udal errolda eskuz idatzita dago, 143 orrik osatzen dute eta metalezko koadernagailuekin bilduta dago. Ez dauka estalkirik eta egoera txarrean dago, zikina, zati batzuk urratuta edo galduta dauzka eta hauskortasun handiko paperean egin zenez dokumentua bera erraz apurtzen da. Gaizki erabili eta gordetzearen ondorioz, gainera, tolestura ugari ditu orri guztietan.

  Expediente de la provisión del Consejo en que se manda al Conde de Oñate no haga vejación ni molestia a los vecinos por causa de los pleitos que conta el tienen introducidos delako dokumentua berriz, 1539koa da eta orri bakarrekoa. Provision de Consejo dokumentuak xedapen juridiko-administratiboak dira. Gobernu eta administrazio egintzak arautu eta emateko sortzen ziren eta funtsean, ordena publikoko gaiak ebatzi eta arautzea zuten helburu. Gaztelako erregeak berak, edo bere baimenarekin, Gaztelako Kontseiluak eman eta sinatzen zituen. Agiriaren papera apurtuta dago tolestuta egon delako urte askoan eta ximur ugari ditu.

  Zaharberritzera eraman diren bi dokumentu horien kopia digitalik ez dago. Oinarrizko zaharberritze lanak egingo dira bi kasuetan. Lehenik, agiri bakoitza banaka aztertuko da tratamendu egokiena erabakitzeko. Liburuaren kasuan beharrezkoa bada desmuntatu egingo da eta garbiketa, desinfekzio, desazidifikazio, lehortze, leuntze eta berriztatze nahiz xaflatze lanak egingo dira. Azkenik, kontserbaziorako azal eta zorro berriak egingo zaizkie.

  Zaharberritze lanok Marta Gatell enpresak egingo ditu eta 2.000 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Zaharberritzera eraman den XVI. mendeko agiria