Udal-aparkalekuetan estazionamendu zerbitzua arautzen duen ordenantza aldatu eta arau hauste berri bat sartzea proposatuko da urtarrileko Osoko Bilkuran.

2015/01/20
Aparkalekuetako sarreran dauden barrerak manipulatzea zigortzea proposatuko da.

  Proposamena Udaltzaingoak bideratu du, azken urteetan behin baino gehiagotan gertatu baita lurrazpiko aparkaleku publikoetarako sarreran dauden barrerak manipulatzea. Aurrerantzean, lege hauste moduan tipifikatuta, halako portaerari erantzun ahal izateko tresna izango dute.

  Arrazoi ezberdinak tarteko, udal aparkaleku publikoetako sarreran dauden barrerak ireki eta manipulatzen saiatu dira hainbat erabiltzaile. Praktika desegoki horrek gainera, batzuetan, kalte materialak eta ondorioz, kalte ekonomikoak ere sortu ditu. Praktika, esan bezala, okerra da baina indarrean dagoen arautegian ez da jasotzen. Horretxegatik, aipatu arautegian arau hauste moduan agertu dadila eskatu du udaltzain buruak, halakoetarako aurre ikusten diren isunak jarri ahal izango direlarik.

  Indarrean den arautegian, bi arau hauste jasotzen dira gaur egun: dagokion tasa ordaindu gabe aparkalekutik irtetea eta estazionamendu arrunterako edo gauez estazionatzeko eskubidea ematen duen tiketa eduki gabe aparkatzea. Proposatzen den hirugarren arau haustea, aparkalekuko sarreran dauden barrerak manipulatzea da.

  Arau hausteen atal honetan, aplikatuko diren isunak ere zehazten dira. Kasu guztietan, 50 €ko zigorra jartzea aurre-ikusten da.

  Udal gobernu taldeak argi berdea eman dio udaltzaingoak egindako araudi aldaketa honi, baina azken erabakia udalbatza osoari dagokio. Horretxegatik, gaia, datorren astean egingo den Osoko Bilkurara eramango da. Honek onartzen badu, iragarkia Gipuzkoako aldizkarian argitaratuko da, aipatu ordenantza 30 eguneko epean jendaurrean jarri eta iradokizun edo erreklamazioetarako tartea irekiz.

  Udal-aparkalekuetan estazionamendu zerbitzua arautzen duen ordenantza 2007ko irailean onartu zen. 2009an berriz, hainbat aldaketa sartu ziren.

Iturria: Oñati irratia