Udal-aparkalekuen ordenantzan arau hauste berria sartzea onartu zen azken Osoko Bilkuran.

2015/02/09
Horren iragarkia argitaratuta, alegazioetarako 30 eguneko epea zabalik dago.

  Lurrazpiko aparkaleku publikoetako sarreran dauden barrerak manipulatzea arau hauste moduan hartuko da eta ondorioz zigortu egingo da. Hori da udaltzaingoak egin zuen proposamena eta Osoko Bilkurak urtarrileko bileran aho batez onartu zuena.

  Arrazoi ezberdinak tarteko, udal aparkaleku publikoetako sarreran dauden barrerak ireki eta manipulatzen saiatu dira behin baino gehiagotan erabiltzaileak. Praktika desegoki horrek gainera kalte material eta ekonomikoak sortu izan ditu. Praktika, esan bezala, okerra da baina orain arte indarrean zegoen arautegian ez zen jasotzen. Baina udalbatzak aldaketa hori sartzea onartu zuen eta Gipuzkoako aldizkari ofizialean horren berri ematen duen iragarkia ostiralean argitaratu zen. Horrela, alegazio edo iradokizunetarako 30 eguneko epea zabaldu zen. Halakorik jasotzen ez bada, aldaketa gauzatuko da.

  Arautegian jasotzen den hirugarren arau haustea izango da, dagoeneko bi jasotzen baitira: dagokion tasa ordaindu gabe aparkalekutik irtetea eta estazionamendu arrunterako edo gauez estazionatzeko eskubidea ematen duen tiketa eduki gabe aparkatzea. Arau hausteen atalean aplikatuko diren isunak ere zehazten dira. Kasu guztietan, 50 €ko zigorra jartzea aurre-ikusten da.

  Udal-aparkalekuetan estazionamendu zerbitzua arautzen duen ordenantzan sartu asmo den aldaketa honekiko alegazio edo iradokizunak, martxoaren 12ra arte aurkeztu daitezke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!