Oñatiko udala

Udako Zaintza Hezitzaile zerbitzua uztailaren 1etik 24ra beteko da

2020/06/18
Card image cap
226 haurrek parte hartuko dute eta begiraleen formazio saioak ekainaren 27an eta 29an egingo dira

  Azken txanpan sartu da Udako Zaintza Hezitzaile zerbitzuaren antolaketa. Covid-19a tarteko osasun arduradunek zehaztu dituzten jarraibideak gogoan hartuta ari dira zerbitzu berezi hau prestatzen udal arduradunak. Lehen aldaketa datetan dator, Udako Zaintza Hezitzailea uztailaren 1etik 24ra bitartean eskainiko baita, hasieran iragarritakoa baino bi egun beranduago hasiko da beraz. Aurtengoan, lau ordukoa izango da zerbitzua, 9:00etatik 13:00etara artekoa. Eta izen-ematearen berreste prozesua bukatuta, orotara, 226 neska-mutikok erabiliko dute. Haur eta gaztetxo hauek adinaren araberako bi multzo nagusitan banatuko dira eta era independentean jardungo dute: nagusienak, 2008tik 2012ra jaiotakoak, San Lorentzo inguruan elkartuko dira  eta gaztetxoenak, 2013tik 2016ra jaiotakoak, Foruen plaza inguruko guneetan. Datorren astean bertan jakinaraziko da topagune bakoitza zein izango den.

  Haur eta Gazteria zinegotzi Iker Oñate oso eskertuta azaldu da berreste prozesuan herritarrek izan duten jarrerarekin. Herritarrek arduraz jokatu dutela azpimarratu du, izan ere, ia 700 neska-mutiko baitzeuden hasieran izena emanda baina bizi dugun testuinguruan ezinezkoa ikusten zen horientzat guztientzat behar moduko zerbitzua eskaintzea. Baimenik ere ez luke jasoko. Gurasoek baloratu dute zerbitzua zein puntutaraino behar zuten eta horren arabera berrestu edo ezeztatu dute. Baja eman duten haurren matrikula uztaileko bigarren astean itzuliko zaie.

  Udako Zaintza Hezitzaile zerbitzua osasun egoera ezohikoan beteko da eta prebentzio neurri bereziak hartuta Udalak telazko musuko berrerabilgarriak banatuko dizkie neska-mutikoei; hezitzaileek egunero hartuko dute haurren tenperatura zerbitzuari ekin aurretik eta eskuen, materialen eta espazioen desinfekziorako materiala izango dute eskura. Bestetik, Covid-19aren inguruko erantzukizun oharra eta autobusa erabili ahal izateko baimena sinatzea eskatuko zaie neska-mutikoen tutoreei. Baimen horiek udal webgunean zintzilikatuko dira edota Txaloka ludotekara arratsaldez joanda bete ahal izango dira. Ekainaren 24tik 26ra bitartean egin beharko da.

  Finkatu dira bestalde hezitzaileentzako formazio saioak: ekainaren 27an, 9:00tatik 13:00ra izango da lehena eta 29an, 8:00tatik 14:00tara bigarrena. Egoerara egokituriko pedagogia edukiak eta segurtasun neurriak jorratuko dituzte.

  Aurtengoa ezohiko udako zerbitzua izango da, esan bezala; ez da topaleku nagusirik egongo, landa eremuko auzoak ere izango dira jardun-gune, ohikoak baino talde txikiagoak osatuko dira eta ekintza berriak sartu dira eskaintza pedagogikoan, besteak beste.

  Etxeko kontziliazio arazoak leundu eta haurrei arnas-guneak eskaintzea da Udalaren helburua zerbitzu berezi hau martxan jarrita. Gurasoak 688 634 340 telefono zenbakiaren bitartez hasiko dira zerbitzuaren inguruko xehetasunak jasotzen, datozen egunetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!