Oñatiko udala

Udako zaintza hezitzaile zerbitzua eskainiko du udalak, kontziliazio arazoak edota haurren beharrak aintzat hartuta

2020/05/28
Card image cap
Udaleku irekietan edo arte udalekuetan izena eman eta zerbitzu berri hau erabili nahi ez duenek ezeztapena jakinarazi beharko dute datorren astean

  Covid 19ak eraginda ez da ohiko udalekurik izango Oñatin aurten. Baina zenbait herritarrek kontziliazio arazoak izan ditzaketela kontuan hartuta, eta neska mutikoek ere harremantzeko premia eta zenbait kasutan euskaraz harremantzeko beharra dutela jakinik, udako zaintza hezitzaile zerbitzua eskaintzea erabaki du Udalak. Umeentzako zaintza, heziketa, arnasgune izan nahi duen zerbitzu hau Udaleku Irekietan eta Arte Udalekuetan izena emandakoei zuzenduko zaie. Hau da, ez da izen-emate berririk onartuko.

  Ekainaren 29tik uztailaren 24ra arteko datak mantentzen dira printzipioz, eta 2008 eta 2016 urteen artean jaiotakoek parte hartu ahal izango dute, baldin eta, aldian aldian argitaratzen diren dekretu eta osasun jarraibideek besterik agintzen ez badute. Ordutegia berriz, 9:00tatik 13:00 izango da. Udalekuek eskaintzen zutena baino ordubete gehiago. Horregatik, aparteko zaintza zerbitzua eskatuta zuten gurasoei ordaindutako dirua itzuli egingo zaie.

  Udako zaintza hezitzaile zerbitzu honetan parte hartzen duten neska-mutikoak bost laguneko taldeetan ibiliko dira eta taldeak begirale bat izango du, bi, aniztasun funtzionala duen haurren bat taldean baldin badago. Ahal diren segurtasun neurri guztiak hartuko dira eta herriko gune ezberdinak erabiliko dituzte topagune moduan. Alegia, Gaztelekua ez da gune nagusia izango aurten.

  Udaleku Irekietan edo Arte Udalekuetan izena eman zutenek eta zerbitzu berri hau erabili nahi ez dutenek izen-ematea bertan behera utzi beharko dute datorren astean, ekainaren 1etik 5era. Bi bide jarriko dira horretarako: udal webguneko formularioa beteta edo udaletxeko HAZ zerbitzuaren sarreran egongo den izen-emate mahaian. Izen ematea ezeztatzen duten familiei ordaindutako matrikula itzuliko zaie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!