Udako solstizioaren jaia eta San Juan sua ez dute herriko ikastetxeek antolatuko aurrerantzean

2017/11/08
Card image cap
Euskara eta euskal kultura sustatzeko hezkuntza mahaiak 2014an hartu zuen bere gain ekintzaren ardura

  Orain hiru urte galtzear egon zen San Juan suaren ospakizuna gurean. Euskal tradizioen ikurretako bat izaki herriko ikastetxeen ordezkariek osatzen duten euskara eta euskal kultura sustatzeko elkarlanerako mahaiak bere gain hartu zuen ekimena. Orain, ekintza honen antolakuntzak eskatzen duen dedikazioa eta arduraz hausnarketa egin dute eta ez jarraitzea erabaki dute. Izan ere, ikastetxeei ez dagokien ekimen hau antolatzera indar eta energia asko bideratzen dituztela eta ospakizunaren beraren lanketa didaktikoa baztertuta dutela ondorioztatu dute. Berez, lanketa didaktiko hori egitea litzateke zuzenean ikastetxeei dagokiena.

  San Juan sua egin zedin, ikastetxeetako ordezkariak arduratu izan dira  hesiak jarri, kendu edota txondorrari sua emango dioten lagunak topatzeaz, besteak beste. Baina lan horiek utzita, dagokien lan pedagogiko eta funtzioan zentratzea erabaki dute herriko ikastetxeek,  eta halaxe jakinarazi diote udalari. Lau urteko ibilbidearen ondoren gainera, ospakizunaren ardura har dezaken eragilerik badagoela uste dute hezkuntza mahaiko ordezkariek eta hala, beren energia eta denbora, dagozkien esparruak lantzera bideratu ahal izango dutela adierazi dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!