Udako aisialdi eskaintza eta bestelako beharrei erantzuteko 85 lagun kontratatuko ditu udalak

2018/06/19
Card image cap
Gehienak begirale arituko dira udaleku irekietan

  Aldi baterako kontratazio laburrak dira udalak garai honetan egiten dituenak, udako aisialdi eskaintzei aurre egin ahal izateko. Hala, hilabete eskaxeko lan kontratuak izaten dira eta orduka, edo jardun erdirako, egiten direnak.

  Datozen egunetan egingo diren 85 kontratu horietatik gehienak, 65, udaleku irekietan begirale arituko direnei egingo zaizkie. Hilabeterako, uztailerako, eta jardun erdiko kontratuak izango dira. Udalekuak berez uztailaren 2tik 27ra izango dira baina aurrez egin diren formazio saioak ere ordaintzen ditu udalak. Arte udalekuetan jardungo duten 3 begiraleei ere kontratu berbera egingo zaie. Uda kanpainan arituko diren 14 kirol monitoreei berriz, lau astetarako kontratua egingo die udalak, ekainaren 25etik uztailaren 27ra, eta kasu bakoitzean emango dituzten ikastaroen araberako ordu kopurua kontuan hartuta. Arte eta udaleku irekiak uztailaren 2an hasiko diren arren, kirol departamentuak antolatutako Uda kanpaina, datorren astelehenean, ekainaren 25ean hasiko da.

  Baina udako ekintzez gain, plantillako langileen oporrak osatzeko bestelako kontratazio batzuk egingo ditu udalak datozen egunotan. Hainbat zerbitzutan errefortzuko langileak kontratatuko dira: kale garbiketa zerbitzuan eta liburutegian, esaterako. Bihar bertan bi kale garbitzaile berri hasiko dira lanean, eta etzi, ostegunean, liburuzaina.

  Datozen lauzpabost asteetan udal plantilla kasik bikoiztu egingo da, egungo 115-120 langileak 200nera iritsiko baitira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!