Uda kanpainan kirol begirale lanetan aritzeko 19 lagun kontratatuko ditu Udalak

2016/05/18
Aurkeztu ziren hautagaien behin betiko puntuazioa argitaratu da

  Zerrendak, ohikoa denez, udaletxeko iragarki taulan eta web atarian ikusgai daude.

  Kirol begirale izateko deialdira 21 lagun aurkeztu ziren. Bakoitzak adierazitako formazio akademiko eta esperientziaren arabera, zerbitzu orokorretarako edota zerbitzu espezifikoetarako berezitu dira. Zerbitzu espezifiko moduan, aurrez halako ikastaroak ematen eskarmentua eskatzen duten eskalada edo patinaia bildu ziren.
Kirol begiraleak, Uda kanpainako ekintzek izan duten eskaeraren arabera kontratatuko dira.

  Ekainaren 27an martxan jarriko den Uda kanpainan, 720 lagunek parte hartuko dute, nahiz eta egingo dituzten ekintzak gehiago diren, izan ere, asko dira ekintza batean baino gehiagotan izena eman dutenak. Zenbait ekintzetan lekua dago oraindik. Informaziorako kiroldegira hurbiltzea da egokiena. Bulegoa, goizero zabalik izaten da eta astearte eta ostegun arratsaldetan ere bai.

  Udako kirol eskaintza aberatsari aurre egin ahal izateko, 19 kirol begirale kontratatuko ditu udalak: 11 zerbitzu orokorretarako, 4 patinaiarako, 3 eskaladarako eta beste bat xakea erakusteko. Kontratua, ekainaren 27tik uztailaren 22ra egingo zaie eta lanaldia, beti ere, zerbitzuaren beharren araberakoa izango da. Dena den, ekainaren 20an, zerbitzua antolatzeko eta uztailaren 27an, azken balorazioa egiteko bileretara joan beharko dute.

Iturria: Oñati Irratia