Uda kanpainako eskaintzari aurre egiteko Udalak hainbat kirol begirale kontratatuko ditu, aldi baterako

2016/04/06
Interesatuek, izena, apirilaren 15a bitartean eman dezakete

  Zenbat begirale kontratatuko diren esaterik ez dago ordea, ez behintzat oraindik. Uda kanpainan parte hartzeko behin betiko izen ematea apirilaren 25etik 29ra egingo baita eta jasotzen diren eskaeren arabera erabakiko da zenbat begirale eta zein jardueretarako beharko diren. Asmoa, ohikoa denez, mini-tenis, tenis, squash, badminton, pala, eskupilota, jolasak, eskalada, multiabentura, mendiko bizikleta, patinaje eta xakea gidatzeko begiraleak kontratatzea da. Aurtengo uda kanpainan beste jarduera batzuk ere jaso dira baina horiek, egun kiroldegian dauden monitoreek bideratuko dituzte.

  Eskainiko den kirola oinarri hartuta, zerbitzua orokor edo espezifiko moduan berezitu da. Eskalada, patinajea eta xakea  kirol zerbitzu espezifikoen atalean jaso dira eta halakoetan begirale gisa aritzeko, esperientzia izatea eskatzen da, xakearen kasuan, berriz, ELO sailkapena baloratuko da. Baina orokorrean, udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, 18 urte beteta izatea, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea eta euskaraz ondo berba egitea eskatzen da. Udalak bere aldetik, ekainaren 27tik uztailaren 22ra arteko lan kontratua eskaintzen du. Hilabete eskaseko tarte horretan bete beharreko lanaldia, Udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango da.

  Uda kanpainan kirol begirale gisa lan egiteko interesa dutenek, eskaera gaurdanik aurkeztu dezakete. Eskaerak, udal bulegoetan presentatu behar dira eta azken eguna, hilaren 15a izango da. Izena ematerakoan, eskaera orriarekin batera nortasun agiriaren kopia, eskatzen diren tituluen fotokopia, eskaeran aipatzen diren meritu guztien egiaztagiriak eta izatekotan, euskara menperatze mailari dagokion titulazioa aurkeztu behar dira. Udaletxean jasotzen diren eskaera guztiak baloratuko dira eta bai formazio akademikoa, lan eskarmentua eta Oñatin erroldatuta egotea, kontutan hartuko dira.

  Kontratazio hauek arautzen dituzten oinarriak , udal bulegoetan edo udalaren web atarian eskuratu daitezke.

  Aurtengo Uda kirol kanpainaren eskaintza eta izen emate orriak, datorren astean banatuko dira ikastetxeen bidez. Izena emateko eguna eta ordua zehazten duen zozketa, apirilaren 21ean egingo da eta horretarako , aurrez bete behar den inskripzio orria, apirilaren 18tik 20 jasoko da Kiroldegian. Aurten, bi dira Uda kanpainan eskaintzen diren kirol modalitate berriak: pala eta erraketa kirolak.

Iturria: Oñati Irratia