Uda kanpainako eskaintzari aurre egiteko udalak, aldi baterako, hainbat kirol begirale kontratatuko ditu.

2014/05/06
Oinarriak azken gobernu batzarrean onartuta, izen ematea zabalik dago hilaren 16ra arte.

  Zenbat begirale kontratatuko diren esaterik ez dago ordea, ez behintzat oraindik. Uda kanpainan parte hartzeko behin betiko izen ematea maiatzaren 19tik 23ra egingo baita eta jasotzen diren eskaeren arabera erabakiko da zenbat begirale eta zein jardueretarako beharko diren.

  Asmoa, ohikoa denez, mini-tenis, tenis, squash, badminton, eskupilota, jolasak, eskalada, mendiko bizikleta, patinaje, xakea eta multiabentura gidatzeko begiraleak kontratatzea da. Aurtengo uda kanpainan beste jarduera batzuk ere jaso dira baina horiek, egun kiroldegian dauden monitoreek bideratuko dituzte.

  Eskainiko den kirola oinarri hartuta, zerbitzua orokor edo espezifiko moduan berezitu du. Eskalada, mendiko bizikleta eta patinajea kirol zerbitzu espezifikoen atalean jaso dira eta halakoetan begirale gisa aritzeko, esperientzia izatea eskatzen da. Baina orokorrean, udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, 18 urte beteta izatea, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea eta euskaraz ondo berba egitea eskatzen da.

  Udalak bere aldetik, ekainaren 30etik uztailaren 28ra arteko lan kontratua eskaintzen du. Hilabete eskaseko tarte horretan bete beharreko lanaldia, udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango delarik.

  Uda kanpainan kirol begirale gisa lan egiteko interesa dutenek, eskaera dagoeneko aurkeztu dezakete, horretarako epea atzo ireki baitzen. Eskaerak, udal bulegoetan presentatu behar dira, azken eguna, hilaren 16a izango da. Izena ematerakoan, eskaera orriarekin batera nortasun agiriaren kopia, eskatzen diren tituluen fotokopia, eskaeran aipatzen diren meritu guztien egiaztagiriak eta izatekotan, euskara menperatze mailari dagokion titulazioa aurkeztu behar dira.

  Udaletxean jasotzen diren eskaera guztiak baloratuko dira eta bai formazio akademikoa, lan eskarmentua eta Oñatin erroldatuta egotea, kontutan hartuko dira.

  Kontratazio hauek arautuko dituen baldintza plego osoa, udal bulegoetan edo udalaren web atariko lan eskaintzan eskuratu daiteke.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala