Txokolateixiak, Arantzazuko Parketxeak, Arrikutz-ko kobak eta Pottokalekuk “Jolastera? Museora!!!” egitasmoan parte hartuko dute.

2015/02/12
Aldundiak sustatutako Kultura Saretzen egitasmoaren baitan gastronomia eta naturari eskainitako asteburuetan parte hartuko dute.

  Kultura Saretzen proiektuaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako museoek sustatutako ekimen berria bat da “Jolastera? Museora!”. Plangintza honen helburua, museoen kultura balioan jartzea da, sarean egindako lana indartu eta ondarearen ezagutza sustatzeko asmoz.

  Lehen edizio honetan 25 herritako 44 museok hartu dute parte; 47 ekintza antolatu dituzte datozen sei asteetan burutuko direnak, bihar bertan hasi eta martxoaren 22ra arte.

  Gaiaren arabera, plangintza sei multzotan banatu da: artea, historia, burdina, itsasoa, gastronomia eta natura. Eta horietako bakoitzak asteburu bat hartuko du. Herrira etorriz, Oñatiko eskaintza gastronomia eta naturari lotuta ezagutaraziko da.

  Hilabete barru adibidez, martxoaren 13tik 15erako asteburua gastronomiari eskainia egongo da eta Gipuzkoako sukaldea dastatu, usaindu, entzun, ikusi eta antzemateko sei ekintzatan parte hartu ahal izango da. Multzo honetan , Txokolateixia Txokolatearen Interpretazioa gunearen eskaintza jaso da. Eta kakaotik txokolatera bidaiatzeko aukera izango da bertan.

  Hurrengo asteburuan berriz, martxoaren 19tik 22rako asteburuan natura nagusi izango da eta natura inguruneak, parkeak eta erreserbak, dunak, itsasadarrak, mendiak eta natur ibilbideak ezagutu eta gozatzeko 9 ekintza  eskainiko dira. Arrikrutz koba eta Pottokalekuk elkarrekin “Arrikrutzeko leize lehoietatik pottoka artera” ekintza eskainiko dute eta Arantzazuko Parketxetik berriz, Arantzazu inguruan goizaz gozatzeko proposamena egingo dute.

  Jolastera? Museora!!! Egitasmo honen baitan, Getariako Balentziaga museoan, Errealaren museoan, Elgoibarko makina erreminta museoan, Arditurriko Parkean, Tolosako Topic txontxongilo zentroan edota Albaola itsas kultur faktorian ekintza ezberdinak egin ahal izango dira.

Iturria: Oñati irratia

Arrikutz Oñatiko kobak