Txipistin zerbitzurako hezitzailea kontratatu nahi du Txatxilipurdi elkarteak

2018/03/06
Matrikula kopurua asko gehitu da jatorri anitzeko haur eta nerabe oñatiarren programa honetan

  Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren zerbitzuan matrikula kopurua bikoiztu egin da azken urteetan. 2014-15 ikasturtean 33 haur erabiltzaile zeuden eta egun 65 dira. Zerbitzua, hizkuntza integrazioaren ikuspegitik euskara errefortzu izaerarekin sortu zen baina denborak aurrera egin ahala eskola porrotari aurre egiteko bitarteko ere bihurtu da eta integrazioaren aspektua ere lantzen da, zerbitzu integrala izan nahi duen aldetik. Urteetan bi hezitzaile aritu dira haur eta nerabeei zerbitzua eskainiz baina taldeak handituz joan dira, esan bezala, eta kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko muga urratzeko puntuan zegoen. Ondorioz, udalak zerbitzuaz arduratzen zen Txatxilipurdi elkartearekin zuen kontratua berrikusi du eta 3. hezitzaile bat kontratatu ahal izateko urteko diru kopurua handitzea erabaki du. Horren haritik, Txatxilipurdik hezitzailea kontratatzeko hautaketa prozesua abiatu berri du.

  Gizarte hezkuntza, psikologia, psikopedagogia, pedagogia edota magisteritzan diplomatura, gradua edota lizentziatura duen hezitzaile euskalduna bilatzen da, EGA edo pareko titulazioa izatea baloratuko da eta baita oñatiarra izatea. Talde lanean aritzeko gaitasuna, antzeko lanetan esperientzia izatea, lanerako prestutasuna, euskalgintza arloan esperientzia izatea eta herrigintzan egindako ibilbidea kontutan hartuko dira.

  Haur eta nerabeekin zuzeneko lana astelehenetik ostiralera 17:00tatik 20:00tara egin beharko du. Horrezaz gain, prestaketarako nahiz koordinazio bileretarako beste 9 orduko jarduna izango du astero. Hezitzailea berehalakoan lanean hasteko kontratatuko da, martxoaren 19an jada lanean hastea aurreikusten baitu Txatxilipurdik. Ekainera arteko kontratua egingo litzaioke, irailean berritzeko aukeraz. Interesatuek ostiralera arteko epea dute curriculuma helbide honetara bidaltzeko: kultura@txatxilipurdi.com. Datorren astean zehar hautagaiekin elkarrizketak egingo dira eta lanean, martxoaren 19an hastea nahi da. Informazio gehiagorako Txatxilipurdi elkarteko telefonoetara deitu eta Anegatik galdetu daiteke. Telefono zenbakiak hauek dira:  943 79 54 46 edo 635 75 34 65

Iturria: Oñati Irratia