Txinparta bertso eskolak "bertsotruk" ekimenean parte hartuko du berriro

2017/10/04
Card image cap
Bertso eskolen arteko harremanak sustatzeko ekimen berezi hau hirugarren aldiz errepikatuko da

  Bertsotruk, bertso eskolen arteko desafioak abian dira ikasturte honetan ere. Seguran larunbatean ospatutako Bertso Eskolen Eguna baliatu zuten parte hartzaileek, egitasmoaren hirugarren edizioa aurkezteko.

  21 bertso eskolek eman dute izena eta horiekin zortzi multzo egin dira. Multzo horietako bertso eskoletako bakoitzak bere taldeko besteak hartuko ditu etxean eta elkarrekin zehaztuko dute saioaren hitzordua eta formatua. Multzoak binaka edo hirunaka osatu dira. Oñatiren kasuan, desafiorako bertso eskola Enkarterrietakoa izango da. Gainontzeko multzoak honako bertso eskolek osatzen dituzte: Markina-Xemein eta Leitza/Lekunberri; Erniarraitz eta Sakana; Bortziriak, Durangaldea eta Lasarte-Oria; Barañain/ Iruñea, Elorrio eta Zarautz; Aramaio, Gernika-Lumo eta Irun; Gasteiz, Harituz eta Debagoiena; Mungia/Larrabetzu, Aitziaren gorraizia eta Mutriku. Laster hasiko diren desafio-saioak udaberrira arte luzatuko dira.

  Helduen bertso eskolen arteko harremanak sustatu asmoz antolatu zuen Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak Bertsotruk egitasmoa, 2015ean lehen aldiz. Emaitzarekin gustura, eta bertso eskolen arteko harremana sendotzeko bidean aurrera eginez, hirugarren edizioa aurkeztu dute aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!