Txinparta 1, Karidadeko benta eta Ereñotzu taldeekin neurtuko da Herriarteko Bertsolari Txapelketako bigarren fasean

2017/03/21
Guztira 12 talde arituko dira bigarren fasean

  Asteburu honetan izango dira Herriartekoaren bigarren faseko lehengo saioak. Ostiralean, oñatiarren multzo berean dauden Karidadeko benta eta Ereñotzu taldeak arituko dira. Zizurkilen eta bertso afari giroan neurtuko dira.  Oñatiarren saioak berriz, martxoaren 31an Ereñotzun eta apirilaren 9an Araotzen izango dira. Pasa den igandean Pako tabernan Txinparta 2 taldearen aurka neurtu zen Karidadeko benta taldea Oñatira itzuliko da apirilaren 9an. Oraingoan ordea, saioaTxinparta 1 taldearekin egingo du. Bertso bazkari giroan izango da Araotzeko Saloian. Txartelak, Txokolateixan salduko dira 20 €tan.

  Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu zuten parte lehen fasean, eta sei astetan 38 saio egin ondoren 12 talde pasa dira asteburuan abiatuko den bigarren fasera. Oñatiko Txinparta 1 taldeak bigarren faserako sailkapena lortu zuen bere taldeko puntuaziorik altuena eskuratuta. Txinparta 1 taldea sei lagunek osatzen dute: Urko Egaña, Andoni Goitia eta Joseba Lasagabaster bertsolariek, Mirari Sagarzazu gai jartzaileak, Julen Iriondo epaileak eta Iñaki Olalde ordezkariak.

  Bigarren fase honetan, aurrekoan bezala, talde bakoitzak etxean saioa bat antolatu beharko du eta kanpoan beste saio baten abestuko du. Egin beharreko ariketak ere pitin bat moldatu dira. Puntuagarriak izango ez diren hasiera eta amaierako agurrez gain, aurreko fasean bezala,  ofizioka, bakarkaka, puntuari erantzunez eta puntuka arituko dira bertsolariak eta  taldekako beste bi ariketa berri egingo dituzte: pertsonaia emanda, bat asmatzen eta bi pistak ematen arituko dira eta egoera proposatuta koplatan, 9 kopla osatu arte trikitiaren laguntzaz. Bigarren fase honetan erabakiko da finalaurrekoetara pasako diren lau taldeak zeintzuk diren.

Iturria: Oñati Irratia

Txinparta 1 taldea