Txiki-Txoko haurreskola handitu egingo da.

2013/04/18
Egungo instalazioak berrantolatuko dira eta eraikin berria egingo da eraikin nagusia eta psikomotrizitate gela arteko gunean.

  Txiki-Txoko haurrekola txiki geratu da. Azken urteotako eskaera kopuruak etengabe gora egiten du baina lekua mugatua denez eta haureskola partzuergoak duen ratioa ere bai, iazko udaberrian ezin izan zuten matrikulaldirik ireki plaza guztiak beteta zituztelako. Ez hori bakarrik, zenbait gurasori ezezkoa eman beharrean ere izan ziren.

  Egoera ezagututa udalak arazoa aztertu zuen eta Partzuergoari, txiki txoko haurreskolan gela berri bat eratzeko eskaera egin zion.

  Hasiera batetan, aurten halakorik egitea zaila izango zenaren erantzuna jaso zen Partzuergotik, baina orain gutxi, gaia aztertzeko bilera egiteko eskaera luzatu zitzaion udalari. Gasteizko haurreskoletan egin den berrantolaketaren ondorioz, Partzuergoak hainbat plaza berri eskaintzeko aukera ikusi du. Eta Oñatitik jasota zuen eskaera kontutan hartuta, handitze lan horiek aurten egin eta gela berri bati dagozkion plazak finkatutzat ematea proposatu zion udalari. Baina eskaintza, aurten onartu eta gauzatu behar zenaren baldintzapean, datorren urterako ez baita halako anpliaziorik aurreikusten.

  Udalak, 2013ko aurrekontuetan ez zuen halako lanik aurreikusten eta ez zuen diru partidarik jaso baina aurten egin edo urteetan ezin egitearen aukeren aurrean, beharrezkoa den dirua 2012ko aurrekontuen soberakinetatik bideratzea erabaki berri du.

  Kontu egin behar baita, udala eta partzuergoaren artean dagoen hitzarmenaren arabera udalaren ardurapekoa dela egin beharreko lanak aurrera eraman eta noski ordaintzea eta partzuergoarena berriz, instalazioak jantzi eta langileak jartzea.

  Hasierako proiektuan, egungo instalazioak berrantolatu eta dauden 3 geletatik 2 gela egin, txiki geratu den bulegoa handitu eta sukaldea berritzea aurreikusten da. Baina horrezaz gain, egungo eraikin nagusia eta psikomotrizitate gelaren arteko gunean eraikin berri bat egitea ere jasota dago. Bide batez, psikomotrizitate gelak egun dituen arazoak konpontzeko hobekuntza lan batzuk egiteko ere aprobetxatuko da.

  Udalak, lanen proiektua Isabel Gordoa arkitektoari eskatu dio eta maiatza amaierarako aurkeztu beharko du. Lanak, udako oporretan egingo baitira, abuztua eta iraila artean.

  Txiki Txoko, egun 3 gela ditu eta gehienez, 33 haurrentzako lekua. Lanak eginda, laugarren gela izango du eta hartuko dituen haurrena dinaren arabera beste 8-12bat plaza gehiago.

  Garrantzitsua da oso Txiki Txoko handitzeko erabakia orain hartu izana. 2013-2014 ikasturterako matrikula epea egun gutxi barru, maiatzaren 2an irekiko baitute. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!