"Txertatu merkatuan" proiektua antolatu du Mankomunitateak eskualdeko gazte ez kualifikatuei zuzenduta

2016/09/19
16 eta 30 urte bitarteko gazteak laneratu eta gizarteratzea da egitasmoaren helburua

  Txertatu merkatuan proiektuak saio teorikoak eta praktika tartekatuko du. Lau hilabeteko egitasmoa da eta talde nahiz banakako saioak, laneratze tailerrak, prestakuntza teknikoa eta praktikaldia uztatuko ditu. Eguneroko jardueretan lan-konpetentziak identifikatu eta hainbat gaitasun lantzeko saioak egingo dira. Hala, egokitzeko lehen fasearen ondoren, lan profila zehaztu, harremanak sendotu eta lankidetzan oinarritutako sinergiak landu eta errekonozimendu sozialerako bitartekoak jarriko dira bi hilabetez luzatuko den bigarren fasean. Hirugarrena berriz, konpetentzia teknikoetako prestakuntzarena izango da. Azken fase honen helburua, jakintza teknikoa eskuratzea da, produkzio-sarearen eskarien araberako egiazko laneratze-aukerak izateko. Partaideek, 100 ordu inguruko prestakuntza teknikoa jasoko dute lehenik eta prestakuntzarekin lotutako praktikaldia egiteko aukera izango dute ondoren.

  Txertatu merkatuan egitasmoa, kualifikaziorik gabeko Debagoieneko gazte langabetuei zuzenduta dago.  DBH tituludun nahiz titulu gabeko gazteei laneratze eta ondorioz, gizarteratzeko bidean lagundu nahi zaie. Eskaintza, Debagoieneko 16 eta 30 urte bitarteko gazte langabetuentzat da, gehienez, erdi-mailako ziklo bat dutenentzat.
Mankomunitateak urrian abiatuko du Txertatu merkatuan egitasmoa. Aurrez, eta argibideak emate aldera, informazio bilera egingo du ostegunean, irailaren 22an. Saioa, Mankomunitatearen egoitzan izango da, Arrasateko Nafarroa etorbideko 17an, 11.00etan.

  Izena eman edo zalantzak argitzeko Mankomunitateko telefono zenbakira deitu daiteke: 943.793090 zenbakira. Bestela, osteguneko bilera irekira joan.

Iturria: Oñati Irratia