"Txertatu merkatuan" proiektua antolatu du bigarrenez Mankomunitateak eskualdeko gazte ez kualifikatuei zuzenduta

2017/10/25
16 eta 29 urte bitarteko gazteak laneratu eta gizarteratzea da egitasmoaren helburua

  Txertatu merkatuan proiektuak biltegiko laguntzaileak prestatuko ditu aurten ere. Horretarako, saio teorikoak eta praktika tartekatuko dira lau hilabeteko iraupena izango duen egitasmo honetan. Talde nahiz banakako saioak, laneratze tailerrak, prestakuntza teknikoa eta praktikaldia uztatuko dira.

  Eguneroko jardueretan lan-konpetentziak identifikatu eta hainbat gaitasun lantzeko saioak egingo dira. Hala, egokitzeko lehen fasearen ondoren, lan profila zehaztu, harremanak sendotu eta lankidetzan oinarritutako sinergiak landu eta errekonozimendu sozialerako bitartekoak jarriko dira, bi hilabetez luzatuko den bigarren fasean. Hirugarrena berriz, konpetentzia teknikoetako prestakuntzarena izango da. Azken fase honen helburua, jakintza teknikoa eskuratzea da, produkzio-sarearen eskarien araberako egiazko laneratze-aukerak izateko.

  Txertatu merkatuan egitasmoa, kualifikaziorik gabeko Debagoieneko gazte langabetuei zuzenduta dago.  DBH tituludun nahiz titulu gabeko gazteei laneratze eta ondorioz, gizarteratzeko bidean lagundu nahi zaie. Eskaintza, Debagoieneko 16 eta 29 urte bitarteko gazte langabetuentzat da, gehienez, erdi-mailako ziklo bat dutenentzat.

  Mankomunitateak azaroan abiatuko du Txertatu merkatuan egitasmoa. Aurrez, eta argibideak emate aldera, informazio bilera egingo du datorren asteartean, urriaren 31n. Saioa, Mankomunitatearen egoitzan izango da, Arrasateko Nafarroa etorbideko 17an, 11:00etan. Izena eman edota zalantzak argitzeko Mankomunitateko telefono zenbakira deitu daiteke: 943.793090. Bestela, astearteko bileran ere eman ahal izango da. Izen-emate epea zabalik dago azaroaren 2ra arte.

Iturria: Oñati Irratia