Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko kanpaina berria abiarazi du udalak.

2014/05/27
Eskaintza, bakarrik edo bikotearekin bizi diren 80 urtez gorako herritarrei zuzenduta dago.

  Gazteagoak izaki, mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi direnek ere su detektagailua jartzeko laguntza eskuratu dezakete, baldin eta Udaleko ongizate batzordeak dagokion balorazioa eginda, halakoa egokia dela erabakitzen badu.

  Udalak orain lau urte, 2010ean onartu zuen etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko ordenantza. Eta 2012 eta 2013an deialdi berriak egin ziren. Guztira, ia 200 etxetan jarri ziren su detektagailuak. Une honetan dena den, Oñatiko 170 etxetan daude udalak jarritako aparatuak daude, lau urteko tarte honetan zenbait eskatzaile hil egin baitira eta ondorioz, etxean zuten su detektagailua kendu egin dira.

  Baina berriei ere parte hartzeko aukera ematen zaie. Hala, azken urte honetan 80 urte bete duten herritarrei edo hasieran ezezkoa eman arren prebentzio neurri hau jartzera animatu diren lagunei eskaera egiteko deialdi berria zabaldu zaie. Eskaerak, udaleko gizarte zerbitzu departamentuan egin behar dira. Epea luzea da, urriaren 31ra arte hain zuzen ere. Baina ez ahazteko, interesa duenari behintzat, lehenbailehen egitea gomendatzen zaio.

  Eskaera egiten duten herritarrek, instalazioa egingo dien teknikoen bisita jasoko dute etxean. Ke detektagailua instalatu aurretik, teknikoek sua sortzeko arrisku fokuak identifikatzen baitituzte etxebizitzan bertan,  prebentziorako oinarrizko gomendioak emanez. Etxearen krokis bat ere egiten dute, beharra suertatuz geroz, ebakuazioa erraztu eta azkartzeko.  Hurrengo pausoa, beharrezkoak diren su detektagailuak jartzea da.

  Udalaren kontura izango da bai su detektagailuak jartzearen kostua eta honen ondorengo mantenu gastua ere.

  Gogoan hartu beraz, bakarrik edo bikotearekin bizi den 80 urte beteta dituen herritar orori zuzendutako kanpaina dela etxean su detektagailuak jartzeko udalak martxan jarri duen hauxe. Interesa duenak, eskaera, gizarte zerbitzu departamentuan egin behar du, Bidebarrieta kaleko 12an. Bertaraino joateko arazoak dituenak, telefonoz deituta ere egin dezake: 943 03 77 00 zenbakira deituta.

  Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko kanpaina hau urriaren 31n amaituko da.

Iturria: Oñati irratia