Txapelketa batez inauguratuko da Ibarrako skate pista azaroaren 23an.

2013/11/13
Card image cap
Aurrez, pista ingurua egokitzeko hormigoia botako da. Baina lanak egiteko eguraldi ateriaren zain daude.

  Ibarrako skate pista abuztuaz geroztik erabilgarri dagoen arren ez da ofizialki inauguratu. Halako ekitaldi protokolariorik egingo ote den zehazteke dago oraindik baina instalazioa skate txapelketa bat eginez inauguratzea erabaki da. Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batekin elkarlanean antolatu da eta ekintza ezberdinak bilduko ditu. Hala, eguerdiko 12etan, Foruen enparantzatik abiatu eta Ibarrako pistarainoko skate bira egingo da txapelketan parte hartuko duten zale guztiekin. 12 eta erdietan, 16 urtez azpikoen txapelketa hasiko da eta horren ondoren, luntxa eskainiko da.
Arratsaldean berriz, lauretan, erakustaldi txiki bat egingo da eta 4.30tan, nagusien txapelketari ekingo zaio. Txapelketa bera 6.30etarako amaitzea aurre ikusten da, ia iluntzen hasita egongo baita. Eguneko ospakizunak, Gaztelekuan egingo den hip hop kontzertuaz borobilduko dira. Hori guztia, azaroaren 23rako prestatzen ari direna. Baina beti ere, eguraldiaren arabera egin ahal izango dena.

  Eta eguraldia zaintzen ari dira baita ere, skate pista ingurua egokitzeko lanak egiteko. Skate pistaren ezker-eskumara porlana botaz ikusle eta skaterrentzat gunea zabaldu asmo da. Enpresagintza fakultaterantz dagoen belarditxoa estali egingo da eta kuartelerantz dagoen aldean ere, metro pare batean hormigoia botako da. Hormigoia botatzeko euriak ez du aparteko eragozpenik sortzen bai ordea ondoren egin behar den leuntze edo pulitze lanetarako. Kasu horretan, porlana lehor egon behar da.

  Hormigoia esan bezala, ikusle eta skatezaleen gunea zabaltzeko botako da eta noski, modu egokian irristatzeko, pulitu egin behar da. Eguraldi prebisioen arabera badirudi datorren astean edo, eguraldi ateria izango dugula eta horretxeren zain daude udal arduradunak eta Ugarte enpresakoak, hauek egingo baitituzte hormigoia bota eta leuntzeko lanak. Guztia gertu badago, instalazioak skate txapelketa eginez inauguratuko dira azaroaren 23an, esan bezala. Txapelketan parte hartu ahal izateko, adin txikikoek gurasoen baimen sinatua aurkeztu beharko dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!