Txantxiku ikastolak Bikain euskararen kalitatearen ziurtagiria lortu du

2016/12/20
Card image cap
Ziurtagiriak emateko ekitaldia Donostian egin zen atzo

  Bikain ziurtagiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Bikaintasunerako Euskal Fundazioak sustatu eta kudeatzen dute. Artezkaritza organoan Euskaltzaindiak ere parte hartzen du. Txantxiku ikastola ebaluazio prozesura aurkeztu zen eta euskararen kalitatearen goren mailako aitortza lortu du: urrezko Bikain ziurtagiria.

  Ebaluazio prozesu honetan, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa  kontutan hartzen dira. Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo eta barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa arloetan 18 aldagai ebaluatzen dira. Ebaluazio prozesuan erakundeen indarguneak eta hobetu daitezkeenak ere identifikatzen dira, erakundeen garapena erraztu aldera. Horretarako egindako ebaluazioaren txostena bidaltzen zaio prozesuan parte hartu duen erakundeari.

  Aurten guztira, 52 Bikain ziurtagiri banatu dira, tartean urrezkoa lortu duen Txantxiku ikastolari. 2008tik 313 enpresek jaso dute Bikain ziurtagiria eta aipagarria da azken bi urteetan, 117 eman direla.

  Txantxiku ikastolarena, Oñatiko erakunde ezberdinek jasotzen duten laugarren urrezko Bikain ziurtagiria da,  aurretik, ETEO kooperatibak , Elkar Hezi ikastetxeak eta iaz Udalak lortu baitzuten. ULMA kooperatibak berriz, zilarrezko Bikain ziurtagiria du. Txantxiku ikastolarekin batera Debagoienako Erakunde Sanitario Integratuak ere zilarrezko Bikaina eskuratu du aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!