Txantxiku ikastolak “Txikitxoen jardunaldiak” antolatu ditu urtarrilerako

2016/01/07
Lehen hitzaldia, hilaren 13an emango da

  Azken urteetako ohiturari jarraituz, Txantxiku Ikastolak Txikitxoen jardunaldiak izeneko hitzaldi sorta antolatu du urtarrilerako. Guztira 4 hitzordu izango dira eta bereziki seme-alaba txikiak dituzten gurasoei zuzentzen diren arren, interesa duten herritar guztiei irekiak dira. Hiru hitzaldi eta ate ireki jarduna osatuko da.

  Datorren asteazkenean, hilaren 13an gauzatuko da lehen hitzordua: Umearekin denbora: kantitatea ala kalitatea?” izenburudun hitzaldia. Gaiaren inguruko argibideak Nerea Mendizabal psikopedagogoak emango ditu. Urtarrilaren 18an berriz, Txantxiku Ikastola, zer gara eta zer eskaintzen dugun ikastolako proiektu pedagogikoa eta funtzionamenduaren azalpen hitzaldia egingo da. Eta urtarrilaren 28an, Golden 5: bullying-a eta familia izeneko hitzaldia egingo du Mª Jose Lera psikologo-orientatzaileak. Golden 5 proiektua zertan datzan eta bullying-ari aurre egiteko, guraso, ikasle eta ikastolaren artean lankidetza nola bideratzen den edo nola bideratu beharko litzatekeen azalduko du. Txikitxoen jardunaldiak osatuz, urtarrilaren 22an Haur Hezkuntzako gelak ikusgai izango dira. Ateak irekiko dira eta Apaxi ipuin kontalari-antzezlearen emanaldia izango da.

  Hitzaldi guztiak 18:00 izango dira ikastolako aretoan eta esan bezala, interesa duten herritar guztiei zuzenduta daude. Hitzaldiak irauten duten bitartean gainera, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da, gurasoek lasai parte hartu dezaten.

Iturria: Oñati Irratia