Txanda elkarteak "Azken txanpa" outlet azoka egingo du bihar eta etzi

2020/09/10
Kale Barria eta kale Zaharra trafikorako itxita egongo dira bi goizetan

  Baztertuta zuen Txanda elkarteak udako Azken txanpa azoka, neguan soilik egitea adostu baitzuten asanbladan. Baina aurtengo egoera bereziak stock handiarekin utzi ditu hainbat dendari eta horien eskaeraz erabaki da udako Azken txanpa egitea. Egun gutxitan antolatu den ekimena izan da eta udalaren baimena eskuratu bezain pronto hasi dira deialdia zabaltzen.

  Ohikoa denez, beherapen bereziko produktuen erakusketa denda atarietan jarriko da bihar eta etzi. 13-15 bat dendari izango dira, gehienak oinetako eta arropa saltzaileak. Likidatu asmo dituzten udako azken produktuak lokal aurrealdera aterako dituzte, autoen beldurrik gabe. Izan ere, kale Barria eta kale Zaharra trafikorako itxita mantentzea erabaki baitu udalak, begira dauden herritarren eta dendarien beraien segurtasuna bermatze aldera. Bihar eta etzi goizean beraz, erdiguneko bi kale nagusi horietara doazen garraiolariek ibilgailua beste kaleren batean utzita egin beharko dituzte zamaketa lanak, kale Barria eta kale Zaharra itxita egongo direlako. Gogoratu dena den, Azken txanpa outlet azoka herriko beste zonalde batzuetan dauden dendetara zabaltzen dela.

  Erosleek deskontu eta eskaintza bereziak jasotzeko aukera izango dute emakume, gizon eta haur modan, lentzerian, mertzerian, osagarrietan edota oinetakoetan, esaterako. Produktu aukera zabala izango baita bihar eta etzi egingo den Azken txanpa azokan. Kale animazioa jartzeko ahalegina ere egin du Txandak, baina guztia oso egun gutxitan antolatu dute, esan bezala, eta halakorik prestatzeko modurik ez dute izan.
 
Iturria: Oñati Irratia