TXANDA dendarien elkarteak OUTLET azoka egingo du bihar eta etzi

2015/03/05
Erdiguneko kaleak trafikorako itxita mantenduko dira.

  TXANDA Elkarteko 27 dendarik parte hartuko dute Outlet azoka honetan. Horietako asko Kale Barria eta Kale Zaharrean biltzen dira baina azoka, herriko gune guztietara zabalduko da, Bidebarrieta, San Lorentzo, Atzeko kale eta beste gune batzuetara.

  Aurreko hiru urteetan egin duten bezala beherapen bereziko produktuen erakusketa denda atarietan jarriko da. Parte hartzen duen dendari bakoitzak lokal aurrealdera aterako ditu likidatu asmo dituen produktuak. Horrek, zenbait gunetan, promozio produktuak kalearen ezker-eskuman biltzea ekarriko du, kalea bera estutuz. Hori ez da aparteko arazoa oinezkoentzat lekua dagoenean, baina bai, bidea, autoekin partekatu behar denean. Ondorioz, segurtasuna bermatze aldera,  Kale Barria, Atzeko Kale eta Kale Zaharra trafikorako ez irekitzea erabaki da, ez bihar ezta zapatuan ere. Erdiguneko oinezkoen kaleak beraz, itxita mantenduko dira.

  Hondakinak biltzeko atez ateko zerbitzua beteko da baina goizeko lehen ordutan. Lokal atarietara ateratzen diren kartoi eta bestelako hondakinak jasotzeaz arduratzen diren langileek badute kaleetako piboteak irekitzeko giltza eta ibilgailua pasatzeko jaitsiko dituzten bezala, ondoren jasotzeaz arduratuko dira. Hori Kale Barrian, Kale Zaharrean eta Atzeko Kalean. Baina outlet azoka hau, herriko beste zonalde batzuetan dauden dendetara zabaltzen da eta horietan ez da inolako trabarik izango produktuak kalera ateratzeko. Bi egunetan batukada bat ibiliko da kaleak girotzen.

  Txandako outlet azoka bihar eta etzi, ohiko merkatal ordutegian egingo da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Outlet azoka Txandako dendetan