TXANDA dendarien elkarteak, azaroa, edertasuna eta ongizatearen hilabete bihurtu du.

2012/11/05
Azaroan, Txanda txartela erabiliz, osasun eta edertasun tratamenduak eskuratzeko promozioa egingo du.

  Herriko dendarien elkarteak promozio kanpaina berri bati ekin dio. Hilabete honetan, erosketak Txanda Txartelaz ordaintzen dituzten bezeroek 40 euroko balioa duten 30 sarietako bat eskuratu ahal izango dute.

  Sariak datafonoko tiketetik zoriz aterako dira eta bezeroak momentuan jakingo du saritua izan den ala ez. Ondoren, sariak estetika zentro, ile apaindegi eta dietetika dendetan trukatu besterik ez ditu egin beharko. 7 dira, arlo horretan diharduten TXANDAko bazkideak: Distira, DOR eta Guztiz Eder estetika zentroak, Mari Jose Jauregialzo eta Lamiak ile-apaindegiak eta Amalur eta Egaña belardendak.

  TXANDAk halako promozio bide berri bati ekin dio azaroan, banatzen dituen sariak arlo konkretu batean diharduten dendetara mugatuz. Azaroa, esan bezala, edertasuna eta ongizatearen hilabetea da. Promozio mugatu hauek bi helburu nagusi dituzte: bezeroaren fideltasuna saritu eta aldi berean TXANDA elkartea bera osatzen duten denda ezberdinek eskaintzen dituzten produktuak ezagutzera eman. Elkarteak duen izaera bariatu eta zabala agerian jarriaz.

  Azaroan zehar osasun eta edertasunerako tratamenduak zozkatuko diren arren, saria, TXANDAko edozein dendetan lortu daiteke, TXANDA txartelaz ordaintzeko aukera ematen duten guztietan. Hilabete honetan, 40 euroko 30 sari banatuko dira, hau da, guztira, 1.200 euro saritan. 

Iturria: Oñati irratia