Txalokak antolatuta ludoteka ibiltaria egitasmoa gauzatuko da aurten ere

2020/02/24
Hiru larunbatetan eta herriko hainbat txokotan tailer eta jolasak egingo dira haurrentzat

  Ohitura bihurtu da udaberriko hilabeteetan gurean egin ohi den Ludoteka ibiltaria. Ekimena errepikatzen den zazpigarren urtea izango da aurtengoa. Helburua, ludotekaren jarduna auzoetara zabaltzea da. Horren haritik, otsaila, martxoa eta maiatzeko larunbat banatan hainbat ekintza egingo dira Etxaluzeko parkean, San Martinen eta San Anton plazatxoan. Apirilean, ludotekako ekintzak Foruen enparantza ingurura aterako dira baina astelehenetik ostiralera, Aste Santuko oporrak tarteko.

  Ludoteka ibiltariaren lehenengo irteera zapatu honetan bertan egingo da Etxaluzeko parkera. Bertan mozorroak sortzeko tailerra antolatu da eta photocall-a  egingo da, hala nahi duten haurrekin. Alfonbra gorria ere eramango da, mozorro desfilea egin ahal izateko. Bide batez, maiatzaren 9an eta San Migel Txikiko jaien baitan egingo den azken Ludoteka ibiltarirako ideiak jasoko dira.

  Martxoaren 28an, San Martinen egingo da ludoteka ibiltaria. Espazio horretan ekintza ezberdinak egingo dira eta natur elementuak baliatuz landaketak, lurrarekin esperimentazio jolasak, eraikuntzak, muralak… egingo dira.

  Azkenik, maiatzaren 9an, eta Migel Txikitako egitarauaren baitan,  ludoteka ibiltariaren Ona pareko plazatxora eramango da. Larunbat honetan Etxaluzen jarriko den muralean batutako ideietatik gehien bozkatzen dena gauzatuko da maiatzeko irteeran.

  Ludoteka ibiltariak hiru ordu inguruko iraupena izango du zapatu bakoitzean, 10:00tatik 13.00era. Zita lekura hurbiltzen diren haur guztiek parte hartu ahal izango dute. Ekintzak guztiz irekiak dira eta parte hartzeko ez da Txalokako erabiltzailea izan behar.

  Ekintzetarako plaza irekiak hautatu dira, baina badaezpada, ordezko lekuak identifikatu dira, euria egingo balu, egitasmoa bustitzeko arriskurik gabe betetzeko. Zapatu honetan esaterako, ludoteka ibiltaria Etxaluzeko parkean iragarri da baina euria egiten badu Ludotekan gauzatuko da.  

Iturria: Oñati Irratia