Txaloka ludotekan Aste Santurako antolatu dituzten ekintza bereziak eta Kiroldegiko Uda Kanpainarako begiraleak hautatzeko oinarriak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/03/10

  Gai asko, 52, zerrendatu dira arratsaldeko batzarrerako eta erdiak, Hirigintza eta Zerbitzuak atalari dagozkionak dira. Asko gainera, partikularrek etxean egin nahi dituzten lanetarako baimen eskaerak dira. Udaberria badator, eta zenbait herritarrek leihoak aldatu, bainugela edota sukaldea eraberritu, erreteila egin eta fatxada eta teilatuak konpontzeko asmoa du. Horretarako Udalaren baimena behar da eta halako eskaera mordoxka bat jaso dira Gobernu Taldearen gaurko bilerarako. Herrian zehar zuhaitzak landatzeko proposamena ere aztertuko da, besteak beste.

  Kirolak batzordearen eskutik, Antxintxiketa Kirol Taldearekin lankidetza hitzarmena sinatzea edota Eskola Kiroleko 2014-2015 ikasturteko aurrekontu likidazioa eta ikasturte honetarako diru laguntzaren lehen zatia eskuratzeko eskaera azalduko dira. Kirol kontuekin jarraituz, Uda Kanpainarako begiraleak hautatzeko oinarriak aurkeztuko dira Pertsonala eta Barne Antolamendu batzordeak proposatuta.

  Baina uda aurretik Aste Santua dator eta Txaloka Ludotekan oporraldi horretarako ekintza bereziak antolatu dituztela jakinaraziko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.  Martxoaren 21etik 23ra arratsaldez eta martxoaren 29tik apirilaren 1era goizez, herriko haurrei zuzenduta aisialdi ekintza bereziak egingo dira plazan. Egun bakoitzean, eduki ezberdinak landuko dira. Egitaraua, gaurko bileran azalduko da.  

Iturria: Oñati Irratia