Txaloka ludotekak ate ireki jardunak izango ditu gaur hasi eta hilaren 27ra arte.

2012/09/17
Card image cap
Instalazioak eta funtzionamendua bertatik bertara ezagutzea da gurasoei bereziki zuzendutako ate irekien helburua.

  Udako oporren ondoren, pasa den astelehenean ireki ziren Txaloka ludotekako ateak. Egunero, arratsaldeko 3 eta erdietatik 6 eta erdietara irailean, eta ordubete beranduago urritik aurrera, joku eta jolasak hezkuntza eta garapena pertsonalerako zutabe bihurtzen dira.

  Hori nola egiten den ezagutu nahi duten gurasoek hartarako aukera dute datozen 10 egunetan. Gaur hasi eta hilaren 27ra arte, ludotekako ateak zabalik izango dira, zerbitzua bertatik bertara eta haurrak han direla gainera ezagutzeko.

  Txaloka ludoteka, 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Une honetan gaztetxoenak 2009an jaiotakoak dira baina urtarriletik aurrera 2010ean jaiotakoak matrikulatu ahal izango dira.

  Ekintzak, adinaren arabera egokitzen dira baina orokorrean, eskulanak, mahai jolasak, gozogintza, txapelketak edota tailerrak egiten dira. Jostailu mailegu zerbitzua ere badago eta tarteka gurasoekin jolas saioak ere antolatzen dira.

  Ludotekak 20 euroko ikasturte matrikula du eta hileroko kuota berriz, 18 euro da. Familia kuota berezia ere bada eta diru laguntza eskatzeko aukera ere bai. Baina guzti honi buruzko informazioa jaso eta zerbitzua zertan den bertatik bertara ikusteko aukera, inolako konpromisorik gabe, ate ireki jardun hauetan izango da.

  Gogoratu, gaur hasi eta hilaren 27ra bitartean, eta arratsaldeko 3:30etik 6:30era. Ludoteka, Lizaur kaleko 5ean dago. Ordutegi horretan joaterik ez duenak, zerbitzua goizez ere ezagutu dezake, 9etatik 12etara baina kasu honetan haurrak eskolan daudenez, lokala hutsik topatuko du.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!