Txaketuaneko bidegurutzean gertatzen diren arau-hausteak zigortzen hasiko dira asteburuan

2018/07/18
Baimenik gabe pasatzen diren ibilgailuen jabeei 200 €ko isuna jarriko zaie

  Ingurua egoki seinaleztatzeko azken seinaleen zain zeuden eta horiek iritsita, gaur goizean jartzen hasi dira bai Unibertsitate etorbidean eta baita Bakardadeko Ama kalean ere. Lurreko nahiz zutikako seinale guztiak jarrita, Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako itxiko da berriro ostiralean baina oraingoan, hesirik jarri gabe.

  Egun eta ordu tarte konkretuan pasatzeko debekua duen gunea dela adieraziko dute seinaleek eta pasabide debekua errespetatzen ez dutenek 200 €ko isuna jasoko dute. Ostiralean bertan hasiko dira udaltzainak arau-haustea zigortzen. Horretarako, ingurua kontrolatzeko kamera jarri zen ekainean eta sistema informatikoan baimenduta dauden ibilgailuen matrikulak sartu ziren. Matrikula horiekin bat etorri ez baina debekatutako gunetik pasatzen diren ibilgailuen jabeak zigortu egingo dira.

  Pasa den ekainean hesirik jarri gabe proba egin zen eta ordubetean 60 ibilgailu baino gehiago pasatu zirela ikusita, bidea ixteko hesia jarri behar izan zen Txaketuaneko bidegurutzean. Hesia egonik ere, gauetan bereziki, 7-10 bat ibilgailuk debekua ez duela betetzen ikusi da kamera iruditan eta ingurua behar bezala seinaleztatuta, neurriak hartzeko garaia dela erabaki dute udal arduradunek. Horregatik, esan bezala, Txaketuaneko bidegurutzean gertatzen diren arau-hausteak zigortzen hasiko dira ostiralean.

  Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako itxi egiten da ostiral arratsaldetan, larunbat eguerditik igande gauerdira eta jaiegunetan. Zerbitzu publikoek soilik dute edozein unetan bertatik pasatzeko baimena, hau da, Herribusak eta taxiek, sanitarioek, ertzain eta udaltzainek nahiz botikak hornitzeaz arduratzen diren ibilgailuek. Trafikora itxitako gunetik baimenik gabe pasatzen den ibilgailuaren jabeei 200 euroko isuna jartzen hasiko dira asteburuan.

Iturria: Oñati Irratia