Txaketuako bidegurutzea berehala zabaltzeko eskatu du EAJren udal taldeak

2017/05/17
Card image cap
Neurriak zirkulazio kaosa sortu duela diote jeltzaleek

  Txaketuako bidegurutzea trafikorako ixteak zirkulazio kaosa, makina bat eragozpen eta arrisku eragin dituela salatu du Oñatiko EAJ-PNVk, prentsara zabaldutako ohar bidez. Erabakiaren berri egunkarien bitartez jakin zutela ere salatzen dute jeltzaleek. Erabaki horren aurka dago EAJren udal-taldea eta EH BILDUren gobernuak aurrez azterketarik egin gabe inposatu duen neurria dela adierazi du. Ondorioz, erabakiak auto-ilara handiak sortu dituela eta herriko erdigunea erabat geldiarazi duela diote jeltzaleek. Gainera, aurretik prebentzio-neurririk hartu ez denez arriskua, herriko beste kale batzuetara eraman dela eransten du oharrak.

  Aipatutako guztiaren haritik eta udal gobernuak sistema berria zein izango den erabaki  eta beharrezko neurriak hartu bitartean, Txaketuako bidegurutzea berehala irekitzea exijitzen du Oñatiko EAJk; Txaketuako bidea berehala irekitzea, eta, trafikoa goren dagoen orduetan, udaltzaingoaren laguntzaz bideratzea sortzen diren automobil-ilarak. Horrez gain, jeltzaleek proposatu dute trafikoa asteburuan ixtea soilik, larunbateko 13:00etatik igande gauera arte.

  Kale Zaharra, Kale Barria eta Atzeko Kaleko merkatariei babesa eta laguntza agertu nahi die jeltzaleen udal taldeak prentsa oharrean zehazten denez. Aipatu kaleetako trafikoa mugatzeak saltokiei kalte eragin diela eta bezeroak galdu dituztela dio jeltzaleen idatziak. Kale horietako merkatariak sinadurak batzen aritu direla ere aipatzen da.  EAJk tokiko merkataritzaren bideragarritasuna babestu eta sektorearen aldarrikapenarekin bat egiten duela dio oharrak. Horregatik, erdiguneko hiru kale nagusi horietarako sarbidea malgutzea proposatzen du eta 3-5 minutuko epe motzean bertan aparkatu ahal izatea eskatzen du EAJko udal taldeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!