Trukegune sareak arrakasta izan du Gipuzkoa osoan

2020/01/23
Ekimena oso positiboki baloratu dute antolatzaileek eta Oñatin errepikatu egingo da

  Kutxa Ekoguneak bultzatuta, Gipuzkoako hamar udalekin batera antolatu eta gauzatu zen Trukegune egitasmoa, azarotik urtarrilaren 7ra arte. Oñati izan zen hamar udal horietako bat eta plazan bertan egokitu zen txosnan kokatu zen Trukegunea.

  Antolatzaileek oso positiboki baloratu dute ekimena, herritarrek eredu jasangarri baterantz pausoa emateko bidean tresna erabilgarria izan dutelakoan. Orokorrean, herri guztietan sortu da herritarren interesa eta truke esperientzia arrakastatsuak gauzatu dira. Trukeguneak espazio ireki eta libreak izan direnez, gauzatu diren trukeen kopurua ematea ezinezkoa da, baina hainbat eta hainbat objekturi bizi berria eman zaiela eta familia ugarik bigarren eskuko objektuen trukean lehen esperientzia izan dutela azpimarratzen dute antolatzaileek. Oñatin erregistro fitxak bete ziren hasiran eta 200nen bat truke gauzatu ziren, orotara, 500 inguru izango zirela kalkulatzen da. Trukatu gabe gelditu zen materialaren zati bat, liburuak, CD eta DVDak, liburutegira eraman ziren eta gainontzekoak, udal brigadaren bitartez birziklatzera eraman ziren.

  Espazioarekiko erakutsi den  errespetua bereziki azpimarratu da egindako balorazioan; kalitate egokia zuten objektuak eraman dira eta apenas izan dira intzidentziarik espazio publikoetan jarritako Trukeguneen inguruan, orokorrean behintzat.

  Esperientzia hain positiboa izaki, Trukeguneei iraupen luzeagoa ematea erabaki dute, zenbait udalek. Tolosa eta Zumaian Trukegunea urte guztian aktibo mantenduko da. Oiartzun eta Andoainen herriko Garbiguneko gunean zerbitzua irekita mantentzea erabaki da. Ordizian Trukegunearen epea luzatuko da eta Beasain, Errenteria eta Kutxa Ekogunean urteko beste sasoiren batean berriro muntatuko dute Trukegunea. Oñatin ere errepikatzea erabaki da baina data zehazteke dago.

Iturria: Oñati Irratia