Traste zaharren bilketa asteazkenera aurreratu du Mankomunitateak

2017/09/26
Card image cap
Merkatari eta ostalariei eskainitako ate-aurreko bilketa ere aldatu egingo da larunbat eta astelehenean

  Jaiak tarteko, hondakinen bilketa zerbitzua egokitu egingo du Mankomunitateak datozen egunotan. Etxeetako hondakinen bilketan ez da aldaketarik izango jaixetan eta egun bakoitzari dagokion hondakin frakzioa normaltasunez jasoko da gauero. Aipagarria da, dena den, berez San Migel egunaren bezperan, danborrada gauean tokatuko litzatekeen traste zaharren bilketa, aurreko egunera, asteazkenera  aldatu dela. Gogoratu, hori bai, traste zaharrak ateratzeko aurrez abisua eman behar dela honako telefono zenbakira deituta: 943.71 19 38.

  Enpresetako bilketari dagokionean ere ez da aldaketarik izango. San Migel eguna ostirala izango da, hau de, industria guneetan errefuxa jasotzeko eguna. Frakzio hori astean behin bakarrik jasotzen denez, aldaketarik gabe ostiralean mantentzea erabaki dute mankomunitateko arduradunek. Herriko jai eguna izaki, litekeena da enpresa eta lantoki batzuk itxita egotea. Horregatik, bezperan ateratzeko aholkua egiten da mankomunitatetik. Bilketa egiteko ardura duten kamioiak normaltasunez pasako direla azpimarratuz.

  Urtero moduan aldatuko dena merkatari, ostalari eta elkarteei eskaintzen zaien goizeko zerbitzua da, Herri Egunean eta Errosarixo Bixamonean  pitin bat egokituko baita. Zehazki Kale Zaharra, Kale Barria, Atzeko kale eta plazan dauden lokalen kasuan. Herri Egunean eta Errosarixo Bixamonean, erdiguneko kaleak eta plaza jendez gainezka egoten dira goizean goizetik. Hondakinak biltzeko kamioiak bertatik sartzea oso arriskutsua da eta ondorioz, bi egun horietan, aipatu kaleetako lokal jabeei, hondakinak, inguruan izango diren batze puntu nagusietara eramatea eskatuko zaie. Kale zaharra eta plazakoek, Txaketua aldamenean ONCE saltoki ondoko aparkalekuan izango dute batze puntua. Atzeko kalekoentzat berriz, Iturritxoko ONCE saltoki ondoan egokituko da batze puntua. Eta Kale Barriakoentzat Portu taberna inguruan, kalearen behealdekoentzat,  eta Ramon Irizarren, goialdekoentzat. Hori, Herri Egunean eta Errosarixo Bixamon egunean. Kamioiek bilketa lehenbailehen egin dezaten, puntualitatea eskatzen da eta goizeko 9etarako jada, hondakin frakzioen kuboak, aipatu batze puntuetara eramatea eskatzen da. Urteroko aldaketa izan ohi da hau, beraz, dendari eta ostalariek dagoeneko ezagutzen dutena. Gainontzeko egunetan ez da aldaketarik izango.

  Errosarixo Bixamonean, karrozak eta osagarriak botatzeko gune berezia egokituko da aurten ere Agustinoen eraikin inguruan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!