TRANSports erakusketa ibiltaria Oñatira ekarri da

2019/05/10
Card image cap
Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan ikusgai dago zortzi kirolen sorrera azaltzen duen erakusketa berezia

  XIX. mendetik XX. mendera igarotzean, zenbait garraiobide kirol bilakatu ziren: hipika, eskia, mendizaletasuna, automobilismoa, abiazioa, txirrindularitza, atletismoa edo ur kirolak. Bilakaera horren narrazioa da TRANSports: Garraiotik kirolara erakusketa ibiltaria.

  Lana eta kirola elkarren eskutik datoz askotan, euskal herri kirolei erreparatu besterik ez da egin behar horretarako. Hala, erakusketan islatzen diren zortzi kirolen sorrera azaltzerakoan, giza trakzioa esfortzu fisiko gisa baloratzeari ekin zitzaion garaira begiratu behar da, kirol erronkarako bidea eman zezakeela ikusi zenera; ordura arte nekazaritzarako soilik erabili zen animalia trakzioa hipodromoetan txalotua izatera igaro zenean edota trakzio mekanikoa garraiorako aurrerapen teknologiko izatetik abiadura, abilezia eta dotoretasuna jokoan jartzen dituen ikuskizun izatera pasa zenera. Metamorfosi horiek guztiek irudikatzen dute, aldi berean, XIX. mendetik XX. mendearen lehenengo erdialdera arte gizarteak berak izan zuen bilakaera.

  Ibarra zelaian dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan gaur ireki den erakusketa Pirinioen bi aldetako lau lurralde artxiboen elkarlanaren emaitza da; Gipuzkoa, Huesca, Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako artxiboen ia 18 hilabeteko elkarlanaren emaitza da, eta denen artean kontserbatutako iturri dokumentalen balioa nabarmentzea du xede.

  TRANSports: Garraiotik kirolara erakusketa maiatzaren 18ra arte izango da Oñatin eta astelehenetik larunbatera zabalduko da: astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00 eta 17:00-20:00 eta larunbatetan, 10:00-14:00. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!