Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen zergan hobaria aplikatuko zaie aurten lehen aldiz herriko familia ugariei

2017/01/17
Hobaria jasotzeko eskaera egin behar da otsailaren 15a baino lehen

  2017ko zerga ordenantzetan jaso den hobari honen berri emanez gutuna prestatu du udaleko zerga-bilketa zerbitzuak. Ondasun Higiezinen zergan jada, halako hobaria aplikatzen zaie herriko familia ugariei eta horri esker, oinarrizko datu base bat ere badu udalak. Bertan agertzen diren familia ugariei jakinaraziko zaie aurten lehen aldiz aplikatuko den hobari honen berria.

  Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergan aplikatuko den hobari edo bonifikazioa, bost plaza edo gehiago dituen ibilgailu turismo bakar baten alde izango da, baldin eta horren titularra familiako kide bada eta familia hori ugaritzat hartzen bada indarrean dagoen legediaren arabera.

  Familia bakoitzeko ibilgailu bakarrak jaso ahal izango du hobaria. % 15eko hobari orokorra aplikatuko zaie horretarako eskaera egiten duten familia ugari guztiei. Baina hobaria handiagoa izan daiteke, familiakoen diru sarrera gordinen eta seme alaba kopuruaren arabera. Hobari txikiena, esan bezala, % 15ekoa izango da baina % 90eraino igo daiteke. Nolanahiko hobaria jasotzeko eskaera egin behar da, udaletxeko bulegoetan otsailaren 15a baino lehen. Oinarrizko %15aren hobari orokorraren gainekoa eskuratzeko bigarren eskaera bat egin beharko da urteko errenta kanpaina amaitu ondoren, uztailean alegia. Orduan, familia osatzen duten kide guztiek aitorpena aurkeztu beharko dute bonifikazio handiagoa dagokien egiaztatzeko.

  Udalak 120ren bat familia ugari ditu erroldatuta Ondasun Higiezinen zergari dagokionean hobaria jasotzen baitute. Baina gehiago ere izan daitezke eta guztiei jakinarazten zaie, bai Ondasun Higiezinen zergan baita aurten lehen aldiz, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen zergan ere, hobaria jaso dezaketela, baina horretarako eskaera egin behar da. Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen zerga martxoaren 3tik apirilaren 25era bitartean kobratuko du udalak.

Iturria: Oñati Irratia