Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza hasi da gaur

2019/03/01
Zirkulazio zerga moduan ezagutzen dena ordaintzeko borondatezko epea apirilaren 25ean amaituko da

  Udalak, aurten  861.997 euroko sarrera izango du trakzio mekanikodun ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga kontzeptuan. Iazko kopuruaren pare, gutxi gora behera. Oñatiko ibilgailuen erroldan 7.833 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 183 gehiago. Horrek esanahi du zerga ordaintzetik libre dauden edo hobaritutako ibilgailuak iaz baino gehiago direla.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen erroldan ohiko turismoez gain, kamioiak, autobusak, motorrak eta ziklomotoreak sartzen dira. Baita, zirkulazio zerga ordaintzetik kanpo geratzen diren nekazaritzako ibilgailu, erremolke txiki eta ezinduen jabetzapekoak diren ibilgailuak eta 25 urte baino antzinatasun handiagoa duten ibilgailuak ere.

  Hoberitu berriz, familia ugarien ibilgailuak hobaritzen dira, % 15eko hobari orokorra aplikatuta. Hortik gora, errenta nahiz seme-alaben kopuruaren arabera hobaria handiagoa izan liteke baina hala jaso beharko luketela uste duten familia ugariek, eskaera berria egin beharko dute errenta kanpaina amaitu ondoren, uztailean. Familia ugaria izaki hobari hau aplikatzeko eskaera egin ez duenak ere, udal bulegoetatik pasata eskatu dezake.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa helbideratuta duten 6.070 ibilgailuen jabeei kargua astelehenean, martxoaren 4an egingo zaie eta ordainketa jakinerazpena euren aurrezki kutxa edo banketxetik bidaliko zaie.
Gainontzeko jabeek, udaleko jakinerazpena zuzenean jasoko dute eta dagokien ordainketa, udal bulegoetan egin beharko dute. Trakzio mekanikodun ibilgailuen udal zerga ordaintzeko borondatezko epea hilabete eta erdiz luzatuko da, apirilaren 25era arte. Ordainketa epez kanpo egiten dutenei zigor ekonomikoa jarriko zaie.

Iturria: Oñati Irratia