Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza hasi da gaur

2020/03/02
Kotxe historiko kategoria aldatu egin da eta aurrerantzean 30 urte edo gehiago duten autoak salbuetsiko dira zerga ordaintzetik

  Orain arte 25 urte edo gehiago zutenen jabeek ez zuten trakzio mekanikodun ibilgailuen zergarik ordaintzen. Baina kategoria hau aldatu eta atzeratu egin da. 1990eko urtarrilaren 1a baino lehen matrikulatutakoak hartuko dira aurten kotxe historiko moduan. Gerta liteke beraz, iaz salbuetsita, zirkulazio zergarik ordaindu ez zuen kotxe jabe batek aurten bai ordaindu behar izatea. Aldaketa honen berri emanez jakinarazpen gutunak bidali dira udaletxetik.

  Astean bidaliko zaie baita ere, ordainketa helbideratu gabe dutenei trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordain agiria eta ordainketa helbideratzeko inprimakia, hala egin nahi izatera, bete eta udaletxean entregatu ahal izateko. 

  Udalak aurten 897.494 euroko sarrera izango du trakzio mekanikodun ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga kontzeptuan. Iaz baino 35.000 euro gehiago. Oñatiko ibilgailuen erroldan 7.985 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 152 gehiago. Horietako zenbaitek, 25 eta 30 urte bitarteko antzinatasuna dutenez, zerga ordaindu beharko dute.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen erroldan ohiko turismoez gain, kamioiak, autobusak, motorrak eta ziklomotoreak sartzen dira. Baita, zirkulazio zerga ordaintzetik kanpo geratzen diren nekazaritzako ibilgailu, erremolke txiki eta ezinduen jabetzapekoak diren ibilgailuak ere. Hoberitu berriz, familia ugarien ibilgailuak hobaritzen dira, % 15eko hobari orokorra aplikatuta. Hortik gora, errenta nahiz seme-alaben kopuruaren arabera hobaria handiagoa izan liteke, baina hala jaso beharko luketela uste duten familia ugariek, eskaera berria egin beharko dute errenta kanpaina amaitu ondoren, uztailean. Familia ugaria izaki hobari hau aplikatzeko eskaera egin ez duenak ere, udal bulegoetatik pasata eskatu dezake.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa helbideratuta duten 6.284 ibilgailuen jabeei kargua asteazkenean, martxoaren 4an egingo zaie eta ordainketa jakinerazpena euren aurrezki kutxa edo banketxetik bidaliko zaie. Gainontzeko jabeek, udaleko jakinerazpena zuzenean jasoko dute datozen egunetan, esan bezala, eta dagokien ordainketa udal bulegoetan egin beharko dute.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen udal zerga ordaintzeko borondatezko epea bi hilabetez luzatuko da, maiatzaren 8ra arte. Ordainketa epez kanpo egiten dutenei zigor ekonomikoa jarriko zaie.

Iturria: Oñati Irratia