Trafikoa, autoak eta bereziki arauak errespetatzen ez dituzten gidariak arrisku faktore nagusi dira herriko haurren ikuspegitik

2015/05/12
Card image cap

  Eskolako bidea proiektuaren baitan, haurrek eskolara iristeko erabiltzen dituzten ibilbideak aztertu dira. Azterketa horretan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen iritzia jaso da. Bide segurtasuna nola hautematen duten eta ikastetxera modu seguruan joateko eurek bizi dituzten arriskuak, zailtasunak edo trabak zeintzuk diren azaltzea eskatu zaie. Hala, haurrek, beren mugikortasun jasangarria eta segurua oztopatzen duten 120 puntu baino gehiago identifikatu dituzte.

  Gehienak herrigunean kokatzen dira baina auzoetan ere halakorik markatu dituzte. Gehien aipatzen duten arriskua autoak eta hauen abiadura dira, markatutako puntuen % 27a, hain zuzen ere. Bidegurutze arriskutsuak, ikuspen eskaxeko guneak direlako edo auto gidariek haurrak ez dituztelako ikusten, % 20k markatu dute. Askok azpimarratu duten beste traba bat espaloi estuak dira. %10ak espaloien, bidegorriaren edo galtzaden mantenimentu eskaxa aipatzen dute eta argi falta eta kale zikinak beste hainbatek.

  Garbi dago, neska mutikoek hala adierazi dutelako, trafikoa, autoak eta bereziki arauak errespetatzen ez dituzten auto gidariak,  espaloian aparkatu edo zebrabideak errespetatzen ez dituzten auto gidariak direla arrisku faktore nagusiak, Oñatiko gaztetxoentzat.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!