Torturaren aurkako eguna dela eta elkarretaratzea deitu du Oñatiko Sortuk arratsalderako

2018/02/13
Card image cap
Idatzia ere plazaratu du

  Otsailak 13an Joxe Arregiren heriotza gogoratzen da Euskal Herrian, Torturaren Aurkako Eguna izendatuz. Guarko egunez duela 37 urte, Joxe Arregi hilik agertu zen polizia-etxean torturak jasan ostean.

  Euskal Memoria fundazioak berretsitakoaren arabera, 1960. urtetik, gutxienez 5657 tortura kasu izan dira Euskal Autonomi Erkidegoan. Horietatik 60 kasu baino gehiago oñatiarrek pairatu dituztela dio Oñatiko Sortuk zabaldu duen idatzian. Oñatiko Euskal Memoria taldea aipatuz, pasa den mendeko 60. hamarkadatik 168 atxilotu izan ei dira Oñatin, 60 torturatu eta 67 espetxeratu. Eta tortura Euskal Herrian sistematikoki erabili dela dio Sortuk. Euskal Herrian arrazoi politikoengatik egin diren atxiloketen %78an tortura kasuak frogatu direla gaineratzen du prentsa-oharrak. Torturak inpunitate osoz eragin direla gaineratuz.

  Torturatuak izan diren 5657 euskal herritarrak, estatuaren bortizkeriaren biktima direla dio Sorturen idatziak eta alde horretatik aitortuak izan behar direla eta erreparazioa zor zaiela nabarmentzen du prentsa-idatziak. Era berean, Euskal Herriko gatazka politikoaren kontakizun osoa idatzi behar dela aldarrikatzen du Sortuk. Eta Oñatin ere memoria historiko osoa  idatzi beharra daukagula gaineratzen du, hitzez hitz. Horretarako, estatuaren torturen biktima diren euskal herritarren aitortza eta erreparazioaz gain,etorkizunean praktika horiek ez errepikatzeko bermea exijitzea ezinbestekoa dela dio Sorturen idatziak.

  Gaur arratsaldean, 19:00tan elkarretaratzea deitu du Sortuk, tortura sistematikoa salatu eta biktimen aldamenean egonik dagozkien eskubideak aldarrikatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!