Taxi geltokia lekuaz aldatu da, plaza ondotik, Unibertsitate etorbidera, Parrokia pareko aparkalekura aldatu da.

2012/12/18
Harremanetarako betiko telefono zenbakia mantentzen da.

  Azken hilabete hauetan Foruen enparantza inguruan egin diren aldaketak direla eta, taxi geltokia bertatik kendu eta Parrokiaren bestaldeko sarrera parera, Unibertsitate etorbidera eramatea erabaki da. La Caixa aurrealdean zeuden bi aparkalekuak egokitu dira TAXI geltoki berri gisa.

  Dagoeneko aldaketa egin da. Egun taxia hartu behar duenak beraz, Unibertsitate etorbidera joan beharko du edo telefonoz deitu. Lekua aldatu den arren betiko telefono zenbakia mantentzen baita: 943. 780365 zenbakia alegia.

  Azken urteetan ohiturak asko aldatu dira eta taxistak gutxitan egoten dira geltokian bertan. Baina zerbitzua bermatzeko, taxi gidariek halako txandakako guardia zerbitzua betetzen dute eta geltokiko telefonoa bere sakelekora desbideratzen dute edozein bidaiarik, taxia hartzeko aukera izan dezan. Kontutan hartu beraz, taxi geltokia lekuz aldatu den arren, telefonoa, bere horretan, eta lehengo zenbaki berarekin mantentzen dela.  

  Foruen enparantza inguruan egin diren aldaketa eta lanak gogoan hartuta, aipatu baita ere, Gazteleku aurrealdeko zabalgunean egin diren konpontze lanak zapatuan amaituko direla guztiz.
Gazteleku aurrealdean eta plaza aldameneko parkina zenekora sartzeko bidean libre eta apurtuta zeuden harriak, adokinak, aldatu eta konpondu dira.

  Konponketa lan horiek orain 15-20ren bat egun amaitu baziren ere, zorua behar bezala egonkortu dadin, bertara autoz sartzeko debekua jarri zen. Pasabidea, zapatuan, hilaren 22an irekiko da berriro. Egun horretan jada azokara doazen saltzaileek bertatik sartu ahal izango dute ehunkien azoka-gunera. Eta hileta zerbitzuetako autoa ere, aurrerantzean, San Juan kaletik behera etorriko da Parrokiara lehenago egiten zuen bezala eta ez azken asteetan erabili behar izan duen Irizar estanko ondoko sarrera horretatik.

  Gogoratu, lan hauek aprobetxatuz, Pake Leku elkartearen aurrealdean ere, bi pibote jarri direla bidea oztopatuz.

Iturria: Oñati irratia