Tarifan da jada Txantxiku ikastolako ikasleek batutako arropa

2019/07/09
450 Kg arropa eta dirua batu zuten elkartasun proiektu batean

  DBH 3. mailako ikasleek kanpaina baten diseinu eta komunikazioa proiektuaren baitan landu zuten ekimena. Teorian geratu gabe proiektua praktikara eraman zuten eta penintsulara iristen diren errefuxiatuei laguntzeko arropa, oinetako eta bestelako materiala biltzeko kanpaina egin zuten, ekaineko lehen hamabostaldian. Herritarrek eramandako materiala biltzeaz bat, Hotz Oñati taldearekin harremanetan jarri ziren batutakoa Tarifara bidali eta Tarifeños solidarios taldearen esku uzteko.

  Guztira, 450 Kg arropa eta oinetako eta dirua batu zuten. Hotz Oñatik jakinarazi duenez, materiala Tarifan da eta itsasoz bertara iristen direnen artean banatzeko gertu dago. Sare sozialen bitartez zabaldu du oharra Hotz Oñati taldeak, Txantxiku ikastolako ikasleei eta kanpainarekin bat egin zuten herritarrei eskerrak emanez.

Iturria: Oñati Irratia